Aurten ere alderdi abertzale guztiek ez dute bat egin Aberri Egunerako deialdia egiterakoan: EAJk Bilbon egingo du ekitaldi nagusia; EAk, Gernikan, eta Batasunak, ABk zein Aralarrek, Urruñan. Nolanahi ere, alderdi horietako guztietako ordezkariak batuko dituen ekitaldi bat egingo da etzi: herritar talde batek deituta Irundik Hendaiara egingo den oinezko martxa. EAJ eta EA horretara ordezkaritza bidaltzera mugatuko dira, eta beste alderdiek, berriz, dei berezia egin diete herritarrei martxan parte hartzeko. Horregatik izango da arratsaldean Batasunak, ABk eta Aralarrek Urruñan antolatutako ekitaldia.
Zazpiak bat. Herri bat gara. Etorkizuna gure esku lelopean egingo da alderdi abertzaleak batzea lortu duen ibilaldia. Gainera, aurrez esandako alderdiez gain EAE-ANVk, ELAk eta LABek ere bat egin dute deialdiarekin. Martxa 11:30ean abiatuko da, Irungo Ficobatik (Gipuzkoa), eta Hendaiara (Lapurdi) iritsitakoan ekitaldi politikoa egingo dute bertan. Alderdi eta sindikatuez gain, beste hainbat taldek ere egin dute martxa horretarako deia, hala nola Irungo EGIk, Nazio Eztabaidaguneak, ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzak, Euskariak, Bai Euskal Herriari-k, ESAITek eta Askatasunak.
BAKOITZAK BEREA. Ekitaldi bateratuan parte hartzeaz gain beren ekitaldiak ere antolatu dituzte alderdiek. EAJk Bilbon egingo du ekitaldi nagusia, 12:00etan, Plaza Berrian. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek eta EAJko EBBko lehendakari Josu Jon Imazek hartuko dute hitza han, eta ekitaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute. Horretaz gain, Jose Antonio Agirre lehendakariari omenaldia ere egingo dio Iparraldeko EAJk, 18:30ean, Donibane Lohizunen (Lapurdi).
Batasunak, ABk eta Aralarrek, berriz, Urruñan (Lapurdi) ospatuko dute eguna, guztiek batera. Kiroldegian bazkaria egingo dute, eta 17:30erako eztabaida antolatu dute, Mugimendu abertzalea eta borroka instituzionala Ipar Euskal Herrian goiburupean. EAJren ordezkaritza batek, EArenak eta Joxe Iriarte Bikila Zutik-eko kideak ere parte hartuko dute eztabaidan.
EAk, berriz, Gernikan (Bizkaia) egingo du ekitaldi nagusia. Ospakizunak 12:00etan hasiko dira, haurrentzako puzgarriekin eta antzekoekin, eta ekitaldi nagusia 12:30ean egingo dute,Merkatu plazan. EAko lehendakari Begoña Erraztik eta EAko idazkari nagusi Unai Ziarretak hitz egingo dute han, eta ondoren bazkaria egingo dute haiek ere.
Aberri Eguna bihar ospatuko duenik ere bada. EAJk eta EAk kudeatutako Udalbiltzak Foruan ospatuko du Aberri Eguna. 12:00etan ekitaldia egingo dute. Bazkaria egingo dute gero, haiek ere. Ekitaldia biharko antolatu du Udalbiltza horrek, gero igandean bakoitzak bere alderdiak antolatutako Aberri Egunean edo egoki iruditzen zaionean parte hartzeko aukera izan dezan.
DIASPORAN ERE BAI. Ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzak jakinarazi duenez, Euskal Herriko diasporak ere ospatuko du Aberri Eguna. Horretarako, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Ameriketako Estatu Batuetan: Boisen, Washingtonen eta New Yorken ospatuko dute, besteak beste; Argentinan: Mercedesen, Ayacuchon, La Platan, General Villegasen, Trenque Lauquen eta Villa Mercedesen; Mexikon: Cancunen eta Celayan; Uruguain ere ospatuko dute, eta Australian ere bai, Sydneyn.
Udalbiltzak azpimarratu duenez, gainera, Argentinan idatzi bat adostu dute bertako EAko idazkari nagusiCesar Arrondok, EAJko ordezkari Domingo Ormaetxeak eta Rosarioko JoTaKeko kide Santiago Bereciartuak. Testu horretan Aberri Egun bateratuaren alde egin dutela azpimarratu du Udalbiltzak, eta Euskal Etxe guztietara eta komunikabideetara zabaldu dutela.
Bestalde, hainbat herritan ere eguerdian udaletxe aurrean ekitaldiak egingo direla jakinarazi du Udalbiltzak. Tartean, Laudion, Kanpezun, Bastidan, Sopelan, Santurtzin, Tolosan, Zarautzen, Donostian, Deban, Mutrikun, Getarian, Oiartzunen, Ultzaman eta Basaburuan.
Herritarren deialdiak batuko ditu alderdiak Aberri Egunean
Batasunak, ABk eta Aralarrek Irunerako deia egin dute, eta EAJk eta EAk ordezkaritza bidaliko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu