Herriaren borondatea. Horixe izan da Hondarribiko alardean emakumeek berdintasunez parte hartzearen aurka agertu direnek hiru hamarkadatan ahotan izan duten argudio nagusietako bat: herritarrek ez zituztela andreak soldadu gisa desfilatzen ikusi nahi. Gatazkaren konponbideari begira ere, herriaren borondateaz mintzatu izan dira urteotan: herritarrek erabaki behar zutela nolako alardea nahi zuten eta nola bideratu behar zen auzia. Borondate hori neurtzea, ordea, zaila izan da Bidasoaldeko alardeen gatazkan: ia 30 urtean, gutxitan galdetu zaie herritarrei. Datu berrienek, ordea, beste norabide bat hartzeko aukera ematen dute: Hondarribian alarde parekide eta bakarraren alde daude %56. Datu hori «oso garrantzitsua» dela onartu du Estitxu Urtizberea Hondarribiko alkateordeak, baina erantsi du ez duela berez irtenbidea ekarriko: «Oso egoera konplexuan gaude, eta ez da batere erraza kudeatzen».
Iazko azaroan egin zuen inkesta Hondarribiko Udalak, eta aurtengo otsailean eman zuen emaitzen berri. Aurrez, beste bi aldiz baino ez zaie galdetu herritarrei alardeaz: Eusko Jaurlaritzak azterketa bat egin zuen 2014an, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bat 2018an, baina azken horrek ez ditu inoiz emaitzak argitaratu. Beraz, hamar urteotako bilakaera ikusi nahi zutela azaldu du Urtizbereak: «Emakumeen parte hartzearen aldeko proposamenek eboluzio positibo bat izan dute, baina horrek eragina izan du jendearen emozionalitatean eta tentsioaren pertzepzioan».
2014an Jaurlaritzak egindako azterlanean, Hondarribian zer nahiago luketen galdetuta, %42k hobetsi zuten alarde tradizional bakarra, %24k alarde parekide bakarra, %12k orduko egoera —alardeak eta Jaizkibelek aparte desfilatzea—, eta %7k bi alarde. Hamar urtean nabarmen irauli dira jarrera nagusiak. Itaun bera eginik, oraingoan %45,6k alarde parekide bakarra hobetsi dute, %18,4k bi alarde, %15,7k alarde tradizional bakarra, eta %7,7 baino ez dira konforme agertu egungo egoerarekin. Eta soilik bi aukeraren artean egitekotan, alarde parekide bakarra hautatu dute %55,8k, eta alarde tradizionala babestu dute %34,5ek.
«Egoera zaila»
Zuhurtziaz aztertu ditu datuok Urtizbereak. Nabarmendu du egungo egoerak ez duela ia inor asetzen, «%7k bakarrik diote orain bezala jarraitu nahi dutela», eta horrek akuilu izan behar duela: «Ia %80k esan dute batzuen eta besteen nahien gainetik bilatu behar dela gatazka gainditzeko modua». Hala, erantzunetan «gizarte helduagoa» antzeman du, baina ez du uste horrek konponbidea berehala ekarriko duenik: «Inkestatzaileek esan ziguten —eta gu ados gaude— Hondarribiko egoera iritsi dela inoiz iritsi behar ez zen puntu batera: usteldua dago, enkistatua, eta oso zaila da gai honek dakarren emozionalitatetik eskubideen aldeko borroka arrazionala egitea. Soilik bi aukeren artean alarde parekidearen alde agertu den %56 horrek arrazoia jarri du emozioen gainetik. Baina, aldi berean, beste galderen erantzunei erreparatuta, ikusten da askok ez dutela ezer egingo hori hala izan dadin modu aktibo batean. Eta, gainera, badugu sektore mugiezin bat, oso tolerantzia gutxi edukiko duena halako prozesu batean; eta gizartearen herena dira, kolektibo handia da. Beraz, egoera zaila da».
%39Tristura sentitzen dutenak. Hondarribiko alardeak eragiten dizkien sentimenduez galdetuta, %39k erantzun dute tristura sentitzen dutela, eta ia %25ek, lotsa. Lehen emozio positiboa laugarren postuan ageri da: %18k sentitzen dute poza.
Emozioak ere sarri ageri dira alardeez hitz egitean. Gatazkarekin lotuta, tristura, lotsa, asperdura eta haserrea adierazi dituzte batik bat galdekatuek, eta gutxiago aipatu dituzte poza eta harrotasuna. «Emozio negatiboak areagotu dira, eta positiboak gutxitu. Ezinegona handiagoa da», ondorioztatu du Urtizbereak. Tentsioaren pertzepzioa handitzearekin lotu du: «Lehen, jende asko ez zen gatazkan posizionatzen, eroso zegoen hor; orain ikusi dute posizionatu behar direla, eta orduan nabaritu dituzte erresistentziak eta bortizkeria. Horregatik igo da tentsioaren aldagaia».
Tentsio hori lekualdatu egin da, gainera: duela urte gutxira arte Jaizkibel konpainia parekidea izaten zen bortxaren jomuga, baina azken urteetan udalaren aurka ere jo dute baztertzaileek. Izan ere, 1996an gatazka lehertu zenean EAJren esku zegoen udala, eta emakumeen aldarrikapenei bizkarra emanda aritu zen ia hiru hamarkadetan. 2023ko udal hauteskundeetan, ordea, Abotsanitz plataforma gailendu zen, eta EH Bildurekin osatu zuen udal gobernua. Urte hartan Igor Enparan alkateak Jaizkibeli harrera egin zion ofizialki lehen aldiz, eta iaz konpainia gisa desfilatzeko modua eman zion. Urrats horiek sekulako harrabotsa eragin zuten, adibidez, iazko irailaren 7ko Salbearen ostean udalbatzak herriari aurreskua dantzatzeko ekitaldian: txistuka jaso zuten dozenaka herritarrek alkatea. Eta aurten, alarde egunean espazio publikoaren erabilera arautzen duen dekretua auzitegietan baliogabetzen saiatu dira desfile baztertzailearen antolatzaileek. «Guri egozten digute tentsioa areagotzea, zergatik eta ikusezin zegoen kolektibo bati espazioa ematen hasi garelako. Baina nork sortzen du tentsioa benetan?», galdetu du alkateordeak.
Hiru solasaldi
Tentsioak tentsio, alarde eguna urrunduta, gatazkari buruzko elkarrizketa bideratzen saiatu da aurten udala, konponbidearen inguruko adostasun batera iritsi nahian. Hitz egiteko premia erakutsi baitzuen inkestak ere, Urtizbereak nabarmendu duenez: «400 pertsonako lagin batean, bostek negar egin zuten telefonoan inkesta egitean, arrazoi diferenteengatik; inkestatzaileen arabera, oso portzentaje handia da, eta adierazten du nolako emozionalitatea pizten duen gaiak. Era berean, inkesta bost minutuan egiteko pentsatuta zegoen, baina batez beste bederatzi minutu iraun zuten deiek, eta batzuk hogei minutura arte luzatu ziren; hitz egiteko beharra du jendeak».
Hala, inkestaren emaitzak gizarteratu ondoren, alardearen inguruko hiru solasaldi antolatu zituen udalak udaberrian. Egun batzuetan aurreikusitako partaide kopurua gainditu arren, hutsune bat izan zen saiootan: emakumeen parte hartzearen aurkako sektorea ez zen agertu. «Aldeetako batek ez badu elkarrizketa saioetan parte hartu nahi, zera egin behar dugu: espazio horiek egonkortu, zabaldu eta seguru bihurtu, zalantzan edo beldurrez dagoen hori hurbil dadin».
«Aurten bizi izan dugunarekin, nolabait, zabaltzen ari da elkarrizketaren bidea agortua dagoen sentsazioa. Sektore mugiezinak bereari eutsiko diolakoan, eta ez duelakoan inoiz onartuko emakumeak sartzea»
ESTITXU URTIZBEREA Hondarribiko alkateordea
Halere, baztertzaileek solasaldien harira izandako jarrerak aho zapore mingotsa utzi duela onartu du: hasieran frustrazioa, gero etsipena. «Aurten bizi izan dugunarekin, nolabait, zabaltzen ari da elkarrizketaren bidea agortuta dagoen sentsazioa. Mugiezin horiek bereari eutsiko diotelakoan, eta ez dutelakoan inoiz onartuko emakumeak sartzea, ez haien konpainietan, ez beste konpainia batean», aitortu du alkateordeak. Eta horrek, aldi berean, eragina du andreen jarreretan: «alarde publiko, parekide eta bakarra» izan da hiru hamarkadetako aldarrikapen argia, baina sektore batzuk hasiak dira adierazten bakar hori agian ez dela bete behar. «Nekatuta daude, ezin dute gehiago itxaron, ikusten dute euren eskubidea dela eta lehenbailehen nahi dute alarde publikoa eta parekidea».
Egoera konplexua izan arren, udaletik lanean jarraitzeko borondatea agertu du Urtizbereak. Emeki bada ere: «Uler dezaket esatea gehiago egin behar dugula, baina iruditzen zaigu egiten duguna ondo finkatuta utzi behar dugula, ez baitakigu nor etorriko den gure atzetik. Pausoek atzeraezinak izan behar dute». Baina badituzte hainbat abiapuntu, eskaera eta proposamen. Esate baterako, Guztion Alardea taldeko hainbat emakumek desfilatzea eskatua diete alardeko konpainiei: «Eskaera hori udalari ere iritsiko zaio, eta erantzun bat eman beharko du». Eta hona inkestak utzitako beste datu bat: %58,5ek uste dute udalak antolatu behar lukeela alardea; eta horrek legez ekarriko luke parekidea izan behar izatea.
Biharko, ardura eskea
Izatekotan, biharko alardearen ondoren iritsiko da gogoeta horietarako tartea. Desfilearen aurreko orduak, aldiz, tentsioa baretu nahian egiten ari dira udal agintariak. Alardearen antolatzaileek jarritako helegiteak zipriztindu ditu azken orduak: desfileak abiatu aurretik Gernikako Arbola zelaidian Jaizkibelekin bat egin behar ez izateko, konpainia mistoaren ordutegiaren aurka jo dute; hain justu, iazko alardean ez ziren bertara agertu, Jaizkibelekin topo ez egiteko, eta desfile baztertzailea berandu abiatu zen. Hortaz, alardean ateratzen diren gizonei mintzatu zaie alkateordea: «Zurrumurruen gainetik, arduratsu jokatu behar dute, dekretuak bete, eta demostratu benetan eskubideak lortzearen eta konponbidearen daudela».
konponbiderako proposamenak
Hondarribiko Udalaz gain, azken urteotan beste hainbat eragilek egin dute gatazkaren konponbideari begirako proposamenen bat; aldaketa nabarmenik ez dute lortu, ordea.
- Jaizkibel. Alardeaz aparte egiten du bere desfilea konpainia parekideak; 2021ean alardean sartu eta 22. konpainia izatea eskatu zuen.
- EH Bildu. 2023an araudi bat landu zuen Hondarribiko taldeak, udalak alardearen antolaketa berriro bere gain hartzeko modua izan zezan. Izan ere, alardea publikoa izanez gero, legez izan behar du parekidea.
- Guztion Alardea. 2019an osatu zuten taldea desfile baztertzailearen inguruko hainbat gaztek, emakumeen parte hartzea eskatzeko. Gatazkaz hitz egiteko hainbat egitasmo abiatu eta emakumeen aldeko sinadura bilketak antolatu ondoren, 2022an taldeko 64 emakumek alardeko konpainietan desfilatzea eskatu zioten berau antolatzen duen elkarteari, baita udalari ere.
- Saindua. Alardea antolatzen duen elkarteak konpainia misto bat sortu beharko lukeela esanez, agiri bat zabaldu zuten hainbat herritarrek 2023an.
- Gipuzkoako Aldundia. Hainbat urtez «diskrezioz» alardearen inguruko elkarrizketak bideratu ondoren —tartean Jenny Pearce antropologoaren laguntzaz—, udalaren «laguntzaile rola» hartua du diputazioak azken urteetan.