Internet

Herritarren laurdenek baino gutxiagok nabigatzen dute sarean euskaraz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Informazioaren gizartearen inkesta. Familia izeneko galdeketaren emaitzak plazaratu ditu.

Herritar bat sakelakoarekin eta ordenagailuarekin sarean nabigatzen. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 30a
15:34
Entzun

Gero eta herritar gehiagok erabiltzen dute Internet. Izan gainerakoekin komunikatzeko, informazioa bilatzeko edo bestelako edukiak kontsumitzeko. Azken urteotako joerak egonkortzen ari direla erakusten du Eustat Euskal Estatistika Erakundeak berriki argitara ateratako txostenak: Informazioaren gizartearen inkesta. Familia inkesta egin du erakundeak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hainbat ondorio atera dituzte: interneten erabilera 65 urtetik gorakoetan hazi da gehien 2021ean, eta euskarak zokoratua segitzen du sarean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gaztelania erabiltzen dute gehien Interneten bilaketak egiteko garaian; gainera, gaztelania alde handiz da hizkuntzarik erabiliena. Galdeketan parte hartu dutenen %98k nabigatzen dute gaztelaniaz. Aldiz, herritarren %23k baizik ez dute erantzun euskaraz aritzen direla. Gainera, inkestan parte hartu dutenen %17k esan dute ingelesez ere ibiltzen direla Interneten.

Zernahi hizkuntzatan eginik ere, Interneten erabilerak goranzko bidean segitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek emandako datuen arabera, 15 urtetik gorako 1.602.600 biztanlek erabiltzen dute Internet, azken hiru hilabeteetako informazioa oinarri. Uneren batean sarera konektatu diren pertsona kopurua dago bildua zenbateko horretan. Joan diren urteen aldean, kopurua handitu egin da: herritarren %84,9 dira. Aurreko urtean, berriz, hilabete berberak aztergai izanik, %82,6 izan ziren. Adinari dagokionez ere, bada datu aipagarririk: adin tarteen artean, 65 urte edo gehiagokoen herritar taldean handitu da gehien Interneten erabilera. 65 urtetik gorakoen ia erdiak ibiltzen dira sarean (%49,3); iaz, %42 inguru ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.