«Euskal komunitatea osatzeko norbanako ekintza» da Herritu. Gaur aurkeztu du dinamika hura Gure Esku-k, Donostiako Miramar jauregian, eta Durangoko Azokan izango da atxikimenduak eskuratzeko kanpainaren «txupinazoa». Irantzu Perello eledunak azaldu duenez, asmoa da herritarrek «harro» adieraztea «herri libre bateko» kide izan nahi dutela, eta bat egitea Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dituen adierazpenarekin: «Ekintza bat izango da adierazteko hemen bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duen nazio bat dagoela».
Plataformako kideen ustez, egungo testuinguruan, beharrezkoa da komunitate sena indartzea eta haren «zutoinak biziberritzea», balio askatzaile, bakezale eta demokratikoetan oinarrituta: «Demokrazia handiagoa, burujabetza tresna gehiago eta hobeak, auzolan handiagoa, elkartasun handiagoa eta herritar guztientzako eskubide gehiago». Uste dute nahi hori agerian geratu zela euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partidarekin, larunbatean, eta horri jarraipena eman nahi diote, «herritar librez osatutako komunitatea» hauspotzeko helburuarekin.
Hala, euskarri fisiko batetik abiatuta, euskal komunitatea «eraikitzen jarraitzeko» eta «trinkotzeko» helburua du plataformak, eta horretarako tresna izango dira ekimenarekin bat egitean entregatuko dituzten txartela, pegatina eta pina. Lehen horretan egin dute indar plataformatik. Plataformak ez ditu bertan jarriko diren datuak jasoko, baina hura sinatuta norbanakoek adieraziko dute «euskal komunitateko kide» direla eta komunitate horren «zutoinekin» bat egiten dutela.

Zutoin horiek zein diren ere agertzen da txartelean. Lehenik eta behin, Euskal Herria «zazpi lurraldez osatutako nazioa» dela eta bertako «berezko hizkuntza» euskara dela. Horrez gain, bat egiten da «herritar guztien eskubide guztiak bermatu» beharrarekin, eta horien artean, erabakitzeko eskubidearekin: «Euskal herritarrok guri dagozkigun gai guztiez libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu».
Era berean, XXI. mendeko erronkei erantzuteko «burujabetza tresnak» eskuratzea ere defendatzen da. Hain zuzen, auzi hori bolo-bolo dabil Euskal Herriko agenda politikoan, «ezaugarri eta erritmo ezberdinekin» bada ere, egungo autogobernu mailak gainditzeko prozesuak martxan baitira denean. «Aukera aprobetxatu beharra dago Euskal Herriak burujabetza tresnak behar dituelako».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan alderdi politikoak negoziazio betean dira Gernikako Estatutua ordezkatuko duen estatus politiko berri baten inguruan, eta Gure Esku-ren arabera, «aukera erreala dago erabakitze espazio gehiago» izango dituen egitura politiko bat ezartzeko.
Nafarroan, berriz, Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko batzorde txostengilea martxan da parlamentuan. Hura ez doa Gure Esku-k nahi bezain bizkor, baina nabarmendu dute hark ere xede duela egungo autogobernu maila gainditzea. Helburu bera du Batera plataformak Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoaren eskumenetatik haratago iritsiko den Lurralde Kolektibitate bat sustatzeko asmoarekin.
Herritarrak protagonista
Prozesu horiek kontuan izanik, eta «olatu erreakzionario eta autoritarioari» ere erantzun nahirik, autogobernua eta burujabetza indartu behar direla defendatu du Gure Esku-k. Eta bide horretan, herritarrak ere nahi ditu lehen lerroan. Hain zuzen, horregatik eman nahi diete eurei protagonismoa Herritu ekimenarekin. «Haiek parte hartuko dute ekintza sustatzeko dinamika zabaletan. Eta bide horretan, euskal komunitate hori ehuntzen lagunduko dute».
Hain zuzen, azaldu dutenez, behin Durangoko Azokan martxan jarrita, herritzaileen eta herritokien bitartez sustatu nahi dute atxikitze kanpaina, herriz herri euskarri fisiko horiek eskuratzeko eta ekintzaren bat egiteko espazioak sortuz, baita horiek indartzeko Herritu Egunen bidez ere.
Dinamikak ez du epe mugarik oraingoz, eta herriz herri egingo dituzten ekimenetan soilik ez, herritarrek parte hartu ahal izango dute martxan jarriko duten herritu.eus webgunean eta Gure Esku-k Euskal Herriko kultur, kirol eta jai hitzordu nagusietan egingo dituen ekimenetan ere.
Miramar jauregian egindako agerraldian, ekimenarekin bat egin dute Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak, Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak, Xabier Euzkitze aurkezleak, Amaiur Egurrola Ernaiko eledunak eta Maddi Juanikorena Euskalgintzako kontseiluko kideak.