Hezitzaile bat zigortu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean zegoen neska bati sexu erasoak egiteagatik

Aiako Iturriotz-Azpi adingabeen zentroan egin zizkion erasoak. Zigorrari buruzko akordioa lortu dute.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegia, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gipuzkoako Probintzia Auzitegia, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 1a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Aiako Iturriotz-Azpi adingabeen zentroko hezitzaile bati, zentro horretako neska bati sexu erasoak egiteagatik. Neska Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean zegoen.

Zigortuak 16.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio kalte moralengatik. Hamabi urtean ezingo du ez harekin harremanetan jarri, ez harengana hurbildu. Kartzelatik ateratakoan zaintzapean egongo da zazpi urtean, eta bost urtean ezingo du lanik edo jarduerarik egin adingabeekin.

Gaur epaitu behar zuten hezitzailea, baina akusazio partikularrak, fiskaltzak eta defentsak zigorra hitzartu dute epaiketa hasi aurretik. Akusatuak onartu egin du neskari sexu erasoak egin zizkiola, eta akusazioek apaldu egin dituzte zigor eskaerak. Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat. Aringarri bat aplikatu diote: bidegabeko atzerapena.

Ihes egiten lagundu zion

Hezitzaileak 2019 eta 2022 bitartean egin zizkion sexu erasoak. Akusazio idazkiaren arabera, gorputz atal intimoetako argazkiak ateratzeko eskatu zion neskari; trukean, sakelako telefonoa utzi zion eta janaria eta dirua eman zizkion. Ukituak ere egin zizkion. Zenbait aldiz hezitzaileak neskari lagundu egin zion adingabeen zentrotik ihes egiten, eta bi alditan, ihes egin eta gero, neskak hezitzailearen etxean lo egin zuen.

Kontzentrazioa egin dute epaitegiaren kanpoan, sexu erasoak salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.