Bi eskola mota bereizten dituzte formakuntzetan-eta. «Tradizionala» bat, eta «modernoa» bestea. Zaharra, memorian oinarritua eta estatikoa da lehenengoa; sortzailea eta dinamikoa bestea. Dikotomia hori apurtzeko beharraz aritu dira Julia Miñaur irakasle erretiratua eta Gorka Etxebarria Historiako irakaslea, Berrikuntzarekiko gurtza hitzaldian, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Berrikuntza pedagogikoari buruzko hausnarketa kritikoa udako ikastaroan, Eibarren (Gipuzkoa). Ikasgeletarako «ikerketa sendoetan oinarritutako praktikak» eskatu dituzte.
Hasteko, Etxebarriak argi utzi du ez dutela berria den oro kritikatzeagatik kritikatzen: «Kontua ez da egitea kritika oso bat berriak diren gauza guztiei; gauza berriak egin daitezke. Arazoa da ihes egin behar dugula dikotomia horretatik». Baina kritiko mintzo dira gaur egun ikasgeletan gailentzen ari den berrikuntzaz —zehaztu dute berritzat saltzen dituzten metodologia batzuk aurretik ere erabili izan direla— . Atalez atal egin dute egoeraren argazkia.
Edukiak. Miñaurrek azaldu duenez, hedatu da ideia bat zeinak esaten duen ez dela beharrezkoa ikasgeletan edukiak ematea, Interneten datuak eta informazioa badagoelako. Ez dago ados; «oso garrantzitsuak» begitantzen zaizkio edukiak ere: «Informazioa oso inportantea da, baina informazioa ez da ezagutza; informazioa ezagutza bihurtu behar dugu, eta hori ez da espontaneoki gertatzen: eskolak bermatu egin behar du». Etxebarriak ere edukietan sakontzearen alde egin du: «Infernua bezala irudikatzen dira irakaslearen azalpenak, isiltasuna, kontzeptu berriak buruz ikastea... Eta guk zerbait ikasi nahi dugunean, ez al dugu jotzen guk baino gehiago dakien norbaitengana? Ez al dugu jotzen azalpenetara, zerbait ulertzeko arazoak ditugunean? Isiltasuna mantentzea ez al da beharrezkoa kontzentratuta gaudenean? Ez al ditugu buruz ikasi trafiko seinaleak?».
«Infernua bezala irudikatzen dira irakaslearen azalpenak, isiltasuna, kontzeptu berriak buruz ikastea...»
GORKA ETXEBARRIAHistoriako irakaslea
Eta gizartean zabaldua dagoen beste ideia bat ere jarri du mahai gainean Etxebarriak: ikasleak berez duela jakin-mina, berez ikasteko grina, eta beren kabuz ikasteko gauza direla. Nabarmendu du egoera sozioekonomikoak eta kulturalak baldintzatzen dutela hori; esaterako, idazten eta irakurtzen ikasteko garaian, bi haur ez direlako baldintza berberetan egongo batek etxean liburuak baditu eta egunero irakurri izan badiote, eta beste ume batek hori jasotzeko aukerarik izan ez badu.
Metodologiez ere aritu dira. Nola eskola magistralak ia deabrutu dituzten eta teknologiari egiten zaion gurtza. Ikasleei iPad-ak erosarazi zizkietela azaldu du Miñaurrek: «Hiru urtera hasi ziren arazoak: zenbait webgunetarako sarbidea itxi behar izan zen, ikasleek neurriz kanpo kuxkuxeatzen zituztelako». Halaber, zehaztu du orain berri deitzen zaien metodologia horietako asko ez direla berriak: ikerketak, ahozko azalpenak... Talde lanak izan ditu hizpide beren-beregi. «Metodologia oso ona» deritzo, baina beste aldeari ere erreparatu dio: talde heterogeneoak egin ohi direla azaldu du, horietan beti dagoela ikasle bat lana aterako duena —neska gehienetan—, beste bat alferragoa... Eta nota berbera izaten dute denek.
Eta ikasleak. Miñaurrek nabarmendu du ikaslea bere ikaskuntzaren protagonistatzat hartzen dela orain, «pozik egotea, zoriontsu izatea» jarri dela xedetzat, eta mezu batzuk sartu zaizkiela buruan: «Nabaritzen nuen ikasleak guztiz umetuta zeudela. Hau da, indartu egiten genuen ikasleen indibidualismoa: 'Zu bakarra zara'. Eta beste bat dago, eta beste bat... 'Zuk guztia merezi duzu' edo 'zuk nahi duzun guztia egin dezakezu'. Gezurra». Alta, irakaslearen garrantzia nabarmendu du: «Nire ustez, irakasleak agintzen du gela batean, ardura guztiak dituelako. Irakasleak ez badu agintzen, beste batek aginduko du; leku hori ez da hutsik geratzen».
«Nire ustez, irakasleak agintzen du gela batean, ardura guztiak dituelako»
JULIA MIÑAURIrakasle erretiratua
Zer emaitza?
Horiek horrela, zein ondorio izango dituzte —eta izaten ari dira— metodologia berri deitutako horiek? Etxebarriak Kataluniako ikerketa bat izan du hizpide. Azaldu duenez, eskola «berritzaileak» eta «tradizionala» alderatu zituzten 2016tik 2020ra, eta maila sozioekonomikoa aintzat hartu zuten. Honatx emaitza: «Zero maila sozioekonomikoa zutenen artean bakarrik hobetu ziren emaitzak, hau da, erabateko absentismoa zegoen eskoletan. Helburua zen ikaslea eskolara joatea, ez besterik, eta oso gauza erakargarriekin maizago joaten ziren, eta, ondorioz, zertxobait ikasten zuten; beste maila sozioekonomiko guztietan, emaitzek okerrera egin zuten». Etxebarriaren hitzetan, ez dute berriro gisako ikerketen emaitzen berri eman.