LOMCE

Hezkuntza eredu propioa eskatu dute LOMCEren kontrako protestetan

Hezkuntza erreformaren aurkako manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Iruñean Iribasen aurkako oihuak izan dira.

edurne elizondo
2014ko urriaren 12a
14:01
Entzun

Karrikara atera ziren atzo herritarrak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, hezkuntza eredu propio baten alde eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren aurka. LOMCEren kontrako plataformak deitu zuen protestara. Iruñean 3.000 pertsona inguruk egin zuten bat manifestazioan, antolatzaileen arabera. LOMCEren aurkako oihuekin batera, UPNren eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren kontrakoak entzun ziren ibilbide osoan.

Protestara ondoko eragileek deitu zuten: Hezkuntza Plataformen Topaguneak; EILAS, LAB eta ELA sindikatuek; Ikasle Abertzaleek eta Sortzen-ek. Babesa eman zieten, gainera, EHIGE guraso elkarteak, Ikastolen Elkarteak eta EH Bilduk. Mintzatu zirenen artean, Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria: «Hegoaldeko lau hiriburuetako kalejirekin bat egin dugu, LOMCEri ezezko biribila emateko, hura hemen aplika ez dadin Iruñeko eta Gasteizko gobernuei dei egiteko, eta Euskal Herriarentzat hezkuntza propio bat aldarrikatzeko».

Iruñeko manifestazioa hasi baino lehen, duela urtebete ere Bilbon karrikara atera zirela gogoratu zuen plataformako ordezkari Antxon Barberiak. Bertzelakoa da egungo egoera, gogoratu zuenez, Espainiako Gobernuaren erreforma ezartzen hasi baitira. «LOMCEri ezetz erraten jarraituko dugu, ordea», erantsi zuen.

Plataformak osatutako gida jo zuen erreformaren aurka egiteko tresna nagusitzat. «Oinarrizko tresna bat jarri nahi izan dugu eskolen eta institutuen esku, bakoitzak bere beharren eta aukeren arabera gara dezan». Hezkuntza eredu propioaren aldeko aldarria Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasen azken erabakiarekin lotu zuen Barberiak. Iribasek hainbat liburu erretiratzeko agindu du. «D ereduaren aurkako bere sorgin ehizan bertze urrats bat egin du kontseilariak. Halakoak hezkuntza komunitate osoaren kontrako erasoak dira».

Dimisio eskariak

Iruñeko manifestazioa Antoniutti ondotik abiatu eta Sarasate pasealekuan amaitu zen. Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki. LOMCEri eta inposaketei ez leloa idatzia zuen pankartaren atzean egin zuten bidea protestan parte hartu zuten herritarrek. LOMCEren aurkako oihuak izan ziren nagusi, ibilbide osoan, bai eta Jose Iribas kontseilariaren kontrakoak ere: dimisioa eman dezan eskatu zuten. UPNren aurka ere oihu egin zuten herritarrek, batez ere alderdi horren egoitzaren aurretik pasatu zirenean, Vianako printzearen plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.