Hezkuntza erreforma gaitzetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eskola Kontseiluak, euskarazko hezkuntza sistemari kalte besterik egiten ez diola argudiatuta. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak aurkeztutako lege berriaren aurreproiektuak dio hezkuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin erreforma egingo duela. LOMCE lege berriak LOE ordezkatuko du. Ordea, ez da iritzi berekoa Eskola Kontseilua, eta Madrilen hartutako neurriek hemengo eskoletan eraginik ez izateko konpromisoa hartu du: «Lege berriak ez dio minik egingo euskal hezkuntzari». Wertek aurkezturiko neurriek ez dute bermatuko kalitatearen hobekuntza, kontseiluaren arabera.
Erreformari aurre egiteko, txosten bat osatu eta zabaldu dute hainbat erakundek, irakaslek, ikaslek eta gurasok. Txostenean idatzita dagoenaren arabera, hezkuntza sistemaren aldaketa ez da batere egokia izango; besteak beste, bertan eskatzen diren «adierazleetara aspalditik ailegatzen» direlako EAEko eskolak. Horrez gain, ikastetxe bakoitzak erabakitzeko «eskubide gutxiago» izango du, Madrilgo gobernuak eskua gehiago sartuko duelako.
Wertek jakinarazi zuenez, lege berriaren helburuetako bat da «Espainiako Estatuko probintzia guztietako ikastetxeek ikasgai eta material komunak edukitzea». Espainiako eta Euskal Herriko ikasleak oinarri beretik abiatzea, alegia. Kontseiluaren ustez, hori ezinezkoa eta bidegabea da: «Erkidego bakoitzean errealitate ezberdina izan dugu eta dugu, eta legea bateraezina da guztiz».
Wertek, ordea, bereari eusten dio, eta gai horretaz mintzatu zen atzo telebista kate batean. Hezkuntza ministroaren esanetan, erkidego batzuetako liburuek ez dute mezu egokia zabaltzen: «Hori saihesteko balioko du lege berriak. Guztiek oinarri bera izango dute. Orain ideologia jakin batera bultzatzen dituzte ikasleak hainbat tokitan».
Euskaraz ikasteko berme eske
Eskola Kontseiluaren antzeko egoeran dago Hizkuntz Eskubideen Behatokia Nafarroan: haserre. Izan ere, probintziako hegoaldean euskaraz ikasteko eskubidea berma dadin, urgentziazko neurriak hartzeko eskatu die alderdi politikoei. Garbiñe Petriati eta Arantza Haranburu Behatokiko ordezkarien arabera, euskara ofizial ez den eremuan bizi diren familiak egoera lazgarrian daude, haurrek D ereduan matrikulatzeko eta euskaraz ikasi ahal izateko «ezintasuna eta debekua» dutelako. Egoerari buelta ematen hasteko, eragile politikoekin bildu da Behatokia azken egunotan, eta arazoa aztertzeko eta erantzun egokia bilatzeko konpromisoa hartu dute NaBaik, Bilduk eta PPNk.
Behatokiko ordezkariek jakinarazi dutenez, legeak duen izaera mugatzailearen adierazle nabarmena da hezkuntzaren egoera Nafarroako hegoaldean: «Legeak ez du aurreikusten euskarazko irakaskuntzarik hezkuntza maila ez unibertsitarioan». Egungo egoerak gurasoen bizi-kalitatean eragin nabarmena duela azaldu dute: «Errepidean denbora asko galtzen dugu, eta arriskutsua ere bada hala ibiltzea. Gainera, diru asko gastatzen dugu, eta lan ordutegiekin uztartzea ez da batere erraza».
Egoera aldatzeko ahalmena duten eragile politikoek erantzukizunez jokatzeko eta neurriak hartzeko eskatu du Behatokiak: «Eremu ez euskaldunean euskarazko hezkuntza jasotzeko eskubidea ukatzen duen legea aldatzea nahi dugu, eta, lege hori aldatzen den bitartean, D ereduaren eskaera dagoen herrietan euskarazko lerroak abian jartzea». Arazoak eragiten dien familiei zama ekonomikoa arintzeko ere eskatu dute Behatokiko ordezkariek: «Eskoletako bidaietarako taxia edo autobusa familien zerbitzura jartzeko konpromisoa har dezaten nahi dugu; joan-etorriak auto partikularretan eginez gero, berriz, gastuei aurre egiteko laguntzak jartzea».
Hezkuntza erreforma gaitzetsi du EAEko Eskola Kontseiluak
Espainiako Gobernuaren neurriek EAEko eskoletan eraginik ez izateko konpromisoa hartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu