Ikamak ikasgelak hustu eta kaleak hartu ditu hezkuntza euskaldunaren alde

Ikamak deituta, milaka ikaslek greba egin dute gaur Hego Euskal Herriko ikastetxe eta unibertsitate batzuetan. Horretaz gain, manifestazioak egin dituzte Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, 'Gure hezkuntza, euskalduna' lelopean.

Ikamak gaur Bilbon egindako manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikamak gaur Bilbon egindako manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2025eko abenduaren 11
14:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez gara isilduko gure herria aske eta gure hezkuntza euskalduna izan arte». Hori da gaur ikasleek egindako greba egunaren eta manifestazioen bitartez Ikamak zabaldu nahi izan duen mezua. Horrenbestez, azken hilabeteetan Euskal Herriko hamaika ikastetxe eta fakultatetan garatutako dinamikari amaiera eman dio ikasle antolakundeak. Bide batez, ikasle mugimendua euskararen aldeko borrokaren lehen lerroan kokatu dutela azpimarratu dute. «Gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan lurreratu dugun ikasle olatuak emango dio bultzada herri pizkunde berriari».

Hego Euskal Herriko ikastetxeetako eta fakultateetako milaka ikaslek bat egin dute Ikamak gaurko deitutako greba egunarekin. Hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko asmoarekin, manifestazioak ere egin ditu ikasle antolakundeak, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.

Euskara oldarraldi judizial, mediatiko eta politiko bat jasaten ari dela salatu du Ikamak, eta Euskal Herria hiru eremu politiko-administratibotan banatuta egoteak gauzak errazten ez dituela gaineratu. «Ofiziala den eremuetan, gaur-gaurkoz kolokan dagoen oinarri juridiko bat bermatzen den arren, euskararen normalizazioa ez da posible politika publiko anbiziotsu eta askatzaile baten faltan», azpimarratu du Maialen Azkueta ikasle antolakundeko kideak. Are larriagoa da egoera euskara ofiziala ez den eremuetan, hots, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako eremu batzuetan.

Hezkuntzaren arlotik erantzuteko ardura

Azkuetak Bilboko manifestazioaren amaierako ekitaldian hartu du hitza, eta Ikamak hezkuntzaren arlotik erantzuteko ardura hartu duela adierazi. Izan ere, ikasle antolakundeak uste du gaur egun indarrean dagoen hezkuntza ereduak ez duela gaitasunik «euskarak dituen erronka berriei erantzuteko eta hizkuntzaren transmisioa eta normalizazioa» sustatzeko. Egoerari buelta emateko, haien hitzetan, beharrezkoa da «hezkuntza eremuan eragitea».

«Gaur egun indarrean dagoen hezkuntza ereduak ez du gaitasunik euskarak dituen erronka berriei erantzuteko eta hizkuntzaren transmisioa eta normalizazioa sustatzeko. Hezkuntza eremuan eragin behar da»

MAIALEN AZKUETA Ikamako kidea

Ikamak argi utzi nahi izan du eraginkortasunez euskaldunduko duen hezkuntza sistema batek «baliabide eta material irisgarriak eta kalitatezkoak» eman behar dituela. Horretaz gain, euskararen gaitasun maila egokia duten irakasleak bermatu behar dira, baita segregaziorik gabeko murgiltze eredu eraginkorrak ere. Hezkuntza zentroetatik kanpo, aisialdian, kultur munduan eta sare sozialetan ere euskarak «hegemonia irabazteko erreferente eta espazio erosoak» behar dituela gehitu du Azkuetak.

Aurretik esandako guztiak, ordea, «oinarri juridiko sendoa» behar du. Hori dela eta, Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute, euskaraz ikasteko eskubidea bete ahal izateko. «Euskalgintzako eragileek argi utzi bezala, hau guztia herri pizkunde baten eskutik etorriko da nahi eta nahi ez. 1960ko hamarkadan egin bezala, ezinbestekoa da euskararen aldeko beste herri bultzada bat aktibatzea».

Independentzia eta antifaxismoa

Aimar Loiti Ikamako bozeramaileak, berriz, independentzia aldarrikatu du, «hori lortzeak modua emango baitu euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta belaunaldi berriak eraginkortasunez euskaldunduko direla bermatzeko». Espainiako eta Frantziako estatuei «beren nazio proiektuei erantzuten dieten curriculumak» ezartzea leporatu die hark. Hori dela eta, horiek apurtzera eta euskaltzaleagoak izango diren egitura propioak egitera deitu du.

«Independentzia lortzeak modua emango du euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta belaunaldi berriak eraginkortasunez euskaldunduko direla bermatzeko»

AIMAR LOITI Ikamako bozeramailea

Bestalde, faxismoaren gorakadaz ohartarazi du Loitik: «Gaur egungo testuinguruak, ezinbestean, euskararen aldeko borroka antifaxismoaren ikuspegitik ulertzera eramaten gaitu, esan bezala, euskara gure herriaren askatasunerako eta kohesio sozialerako tresna baita».

«Gu gara haien oinordekoAK»

Gaurko mobilizazioetan, Ikamako kideek ez dute aukera alferrik galdu nahi izan, eta azaroaren 29ra arte Ikasle Abertzaleak erakundea zenari mintzatu zaizkio. IAk zera erabaki zuen Berriozarren (Nafarroa) egindako kongresuan: bere burua Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista izendatu eta IAS siglaren pean aritzea. Hala ere, izen aldaketa ez zuten IAren historiaren haustura gisa identifikatu nahi izan: eskerrak eman zizkieten Berriozarren bertan 1988an sortutako ikasle antolakundean ibilitako ehunka militanteri, eta haien oinordekoak direla adierazi zuten. Halaber, bere egin zituzten nazio zapalkuntzaren aurkako eta euskararen aldeko borrokak. Bada, orduan sortutako erakundearen oinarriekin eta helburuekin bat datorren antolakundea Ikama dela esan dio Aimar Loiti bozeramaileak IASi: «Gu gara haien oinordekoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.