Hezkuntza Sailak dio kasuz kasu aztertuko duela ea eskolek irakasle gehiago behar dituzten

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen %95,4k goizez emango dituzte eskolak.

Haurrak Aginagako eskolan, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 18a
16:13
Entzun

Ikasturte berria ate joka dela, hari buruzko argibide batzuk ematera atera da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte. Irakasleak kontratatzeaz aritu da Uriarte. Duela egun batzuk irakasle gehiago hartuko ez zituztela ziurtatu zuen arren, gaur zehaztapen bat egin du: beharrak aztertuko dituzte. «Eskaera orokor bat dago irakasle gehiago kontratatzeko». Nabarmendu du ikastetxeetako ratioak aztertu dituztela horretarako.

Hain zuzen, Haur Hezkuntzan 23 ikasle egon daitezke gehienez gelan, eta batez beste 18,5 daude, Uriarteren hitzetan. Lehen Hezkuntzan, 25 ikasle egon daitezke ikasgelako gehienez, eta 19,6koa da batezbestekoa. Gainera, sailburuaren arabera, 121 ikastetxetan gelako hamazazpi ume baino gutxiago daude. Hala ere, onartu du 36 ikastetxetan 23 eta 25 ikasle artean dituztela ikasgelako. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ere antzekoa da egoera. Uriartek nabarmendu du DBHko geletan gehienez 25 ikasle egon daitezkeela, eta 21,5ekoa dela batezbestekoa; Batxilergoan, berriz, 30 ikasle egon daitezke ikasgela bakoitzean, eta batez beste 24,6 daude. Azpimarratu du hamazazpi eskola daudela batezbestekoaren gainetik. «Kasuz kasu aztertuko ditugu beharrak; batez ere, espazioari dagozkionak eta irakasle gehiago behar dituzten». Erantsi duenez, irakasleak kontratatzeko beharra badute, hori egingo dute. Hala ere, Uriartek zehaztu du hainbat ikastetxetan, lortu diren akordioen ondorioz, irakasle gehiago dituztela.  Ildo horretatik, aipatu du sindikatuekin 2018an adostu zela HHko geletan 21 ikasle baino gehiago daudenean irakasle bat gehiago edukitzea. «Kasu horietan, ez dute kontratazio gehiagoren beharrik».

Uriartek ziurtatu du Hezkuntza Sailak eutsi egingo diola ikasturtea hasteko zuen asmoari. Horrenbestez, etapa guztietako ikasle guztiek aurrez aurre hasiko dituzte eskolak irailean. Baina ikasturtea ez da aurrekoak bezalakoa izango. Uriartek azaldu duenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek aukera dute eskolak goizez soilik emateko, eta ikastetxeen %95,4k hori egitea aukeratu dute. Gainera, bertan behera utzi dituzte gaua kanpoan pasatzea dakarten eskolaz kanpoko jarduerak.

Halaber, jakinekoa da COVID-19a protagonista izango dela datorren ikasturtean. Uriartek azaldu duenez, Osasun Sailarekin zehazten ari dira ikastetxeek nola jokatu izan daitezkeen jokalekuei aurre egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.