Ekainean ez: 2021ean. Nafarroako Gobernuak iragarri du atzeratu egingo dituela Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako lan deialdi publikoak. Azterketak ekainerako aurreikusita zeuden Nafarroan, baina, Gimenoren arabera, ez da "gutxieneko osasun baldintzarik" betetzen ekainean egiteko. Hezkuntza kontseilariaren aburuz, soilik azterketa atzeratuta bermatu daiteke izena eman duten 5.700 hautagaiek aukera berberak izatea. Bi deialdi horietan, 41 espezialitatetako 660 lanpostu eskaintzen dira; 434 gazteleraz, eta 226 euskaraz.
Arratsaldean egindako agerraldian, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak argudiatu du hautagai askok konfinamenduaren ondorioz ezin dutela behar bezala prestatu azterketa, eta horietako hainbat gaixotuta daudela. Halaber, azterketa horiek prestatzeko akademiak itxita daude, eta, hori guztia kontuan hartuta, erabaki dute lan deialdia atzeratzea. Lan deialdiak 2,6 milioiko aurrekontua zuen, eta egokia zen hezkuntza sistemaren beharrei erantzuteko. Dena den, erabakirik egokiena deialdia atzeratzea dela deritzo Gimenok.
Hezkuntzako eragileekin gogoeta egin ostean hartu du erabakia, eta gehienek bat egin dutela dio. Gimenoren arabera, "erabaki zuhurra" da, eta ez dute luzatu nahi izan azterketa prestatzen ari direnetako askoren ziurgabetasuna. "Ez dakigu zenbat iraungo duen alarma egoerak, eta litekeena da konfinamendua kentzen denean pixkanakakoa izatea. Ziurrenik ez da baimenduko toki itxi batean aldi berean pertsona asko biltzea". Gimenok onartu du kalte egingo zaiela azterketa denbora luzez prestatzen ari direnei, baina aukera berdintasuna lehenetsi behar dela deritzo.
Nafarroako Gobernuak ez bezala, Jaurlaritzak ez du deialdirik atzeratuko, oraingoz.