Hezur-muina lagun jakin bati emateko kanpainak debekatu ditu Madrilek

Erabakia auzitan jarri dute transplantearen zain daudenen elkarteek, eta erregistro zabala eskatu dute

Maite Asensio Lozano.
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pertsona jakin bati hezur-muina emateko eskatzen duten kanpainak debekatu egin ditu Espainiako Osasun Ministerioak: orokorrean egin beharko dituzte, «pertsona zehatzentzako onurarik bilatu gabe», eta ONT Transplanteen Espainiako Erakundearen baimena beharko dute. Ordea, neurriak ez du gogobeteko hezur-muin transplante baten zain daudenen elkarteen aspaldiko eskaera: emaileen erregistro zabal bat osatzeko baliabideak jartzea. Izan ere, 100.000 hezur-muin emaile pasatxorekin, tasa txikien duten herrien artean da Espainia.

Debekua argudiatzean, Osasun Ministerioak ontzat jo ditu ONTren irizpideak: ezin zaio organo edota zuntzik eman hartzaile jakin bati, hau da, emaileak ezin du jakin nork jasoko duen emandakoa. Organoen salerosketa eta emaileen gaineko presioa saihestea du helburu neurriak, eta familia barruko kasuak dira ia salbuespen bakarrak.

Edonola ere, Madrilek debekatu berri dituen kanpainek baldintza horiek betetzen dituzte. Internet bidezko sare sozialen indarraldiarekin batera hedatu dira halakoak: pertsona jakin baten kasua ikusarazten dute, gehienetan haur batena, sentsibilizazio handiagoa lortzeko, baina deialdi horren ondorioz egindako probak REDMO hezur-muin emaileen Espainiako erregistroan sartzen dira, hau da, ez daude hartzaile bakarrera mugatuta. Arrasateko (Gipuzkoa) Iturrigorri Elkarlan elkarteko kide Ekaitz Zuluetak azaldu du «emaileak erakartzeko» egiten direla halako kanpainak, eta ez inoren etekinerako.

«Ezer debekatu baino lehen, zerbitzua hobetu beharko lukete. Erregistro ona edukiko bagenu, ez genituzke halako kanpainak beharko», erantsi du. REDMOko datuak «irrigarri» jo ditu, Europako beste herrialdeetako zifrekin alderatuta: Espainiako erregistroak 92.555 emaile zituen 2011n —biztanleen %0,2—, eta Portugalek, berriz, 272.924 emaile —biztanleen %2,6—. Hegoaldean biztanleen %0,34 da emailea.

Ondorioz, Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan egiten diren transplanteen %13 soilik egiten dira REDMOk jasotako hezur-muinekin; gainerakoak kanpotik ekartzen dituzte. Edo ez dituzte egiten, Zuluetak nabarmendu duenez: «Aztertu beharko genuke zenbat hezur-muin transplante ez dituzten egiten, emaile nahikorik ez dagoelako».

Emaile izateko «oztopoak»

Hain justu, Arrasateko elkarteak urteak daramatza emaile kopurua handitu nahian, baina osasun sistemak «oztopoak» baino ez dituela jartzen salatu du Zuluetak. «Kanpaina batzuen bidez, hezur-muina emateko prozesua abiatu nahi zuten ehunka pertsona lortu izan ditugu herrian. Arazoa da horiek denek Gasteizera joan behar dutela, ospitaleak agintzen dien egunean eta orduan». Gogora ekarri du odola emateko erraztasun gehiago jarriak dituztela erakundeek. «Herriz herri doan autobus bat antolatzea Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erabakia litzateke». Halako kanpainen eraginkortasuna zalantzan jartzen dutenen aurrean, DKMS erakunde alemaniarraren deialdi bati erreparatu dio: «Avilesen [Asturias, Espainia] 1.200 emaile lortu zituzten asteburu bakarrean. Eta REDMOk 100.000 lortu ditu 1991tik».

Baina zergatik ez dituzte erakundeek emaileak erakartzeko kanpainak sustatzen? Erregistro handi bat mantentzeko baliabide nahikorik ez dagoela erantzun du Zuluetak. Funtsean, hezur-muina eman nahi dutenak egiazko emaile bihurtu aurretik, haien profil genetikoa aztertu egin behar dute, muinaren bateragarritasuna sailkatzeko. «Proba horietako bakoitzak 300 euro balio du, baina gehiago egin ahala, kostua gutxituko da. Arazoa da erakundeek esaten dutela lehen azterketa egiten dutenetako batzuek atzera egin dezaketela, eta diru hori galduko litzatekeela».

Argudio hori ez da nahikoa Zuluetarentzat, hezur-muina behar duten erien egoera larria delako: «Transplanterik jasotzen ez dutenetako asko hil egiten dira». Hartara, ez zaio ondo iruditu kanpainak debekatzea: «Jakin nahiko nuke zer egingo lukeen egoera horretan dagoen edonor. Haur batek ez badu emailerik, bere gurasoek ez al lukete deialdi bat egingo bere izenean?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.