Hiesaren zabalkuntza eta emakumeen aurkako bortizkeria zuzenean lotu zituzten atzo OME Osasunaren Munduko Erakundeko ordezkariek, gaitz horren aurkako nazioarteko egunaren bezperan. Emakumeei gizartean dagokien lekua ematea gaixotasunaren aurkako borrokaren arrakastarekin zerikusi zuzena duela nabarmendu zuen berriz Peter Piot NBEk hiesaren aurkako borrokarako eraturiko UNAIDS taldeko buruak.Sexu indarkeriak birusa hartzeko aukerak asko handitzen dituela adierazi zuen atzo OMEk. Izan ere, indarkeriaren biktima direnei GIBa hartzeko aukerak hirukoiztu egiten zaizkie, erakundearen arabera. Munduan GIBak kutsaturikoen %47 emakumezkoa da egun, inoizko kopururik handiena. Tratamenduren bat horietako zenbatek jasotzen duen kalkulatzeko daturik ez dutela onartu zuten atzo OMEko arduradunek.Gaixotasunaren aurkako borrokaren botika frontean, bi produktu berri botika generikoen zerrendan sartu direla iragarri zuen atzo erakundeak: lamivudine eta Zidovudine, hamar pilulanako konbinaketak. Indian eginikoak dira.
Chiracen zerga iraultzailea
Botikak garatzeko eta, azkenean, hiesaren kontrako txertoa aurkitzeko ikerketak behar den dirutzari aurre egiteko modu iraultzailea proposatu zuen atzo Frantziako presidente Jacques Chiracek. Mundializazioak sortzen dituen aberastasunaren gaineko zerga, besteak beste, hiesaren aurkako borrokarako erabiltzea proposatu zuen.
Ospakizunaren bezperako adierazpenetaz landa, adituak Brasilera begira daude, eredu gisa. Han tratamendua jasotzeko aukera dute herritar orok, botika generikoei esker.
-
Zer da hiesa?
Gutxienez 28 milioi pertsona hil ditu hiesak mundu osoan. GIB birusak immunitate sistema suntsitzen du, eta infekziorik arruntenak ere gaixoaren bizia arriskuan jartzen du. Hona gaitzaren ezaugarri biologikoak:
GIB birusa: Giza Immuno-eskasiaren Birusak kutsaturikoaren odoleko zelula zuriak hiltzen ditu. Zelula zurien kopurua muga batetik behera jaisten denean, kutsatuak hiesa gaitza garatu duela esaten da. Oso zaila da GIB birusaren aurka borrokatzea, oso azkar ugaltzen delako, eta ugalketa horretan asko mutatzen delako.
Nola kutsatzen da?: GIB birusa odolean, sexu organoetako fluidoetan eta hazian dago. GIBa duen pertsona batekin sexu harremanak izanda kutsatzen da. Baita birusa duen pertsona batek erabilitako xiringetako orratzen, piercing eta tatuaietarako tresneriaren bidez ere. Kutsaturiko fluidoak beste pertsonaren gorputzeko zauri batetik sartzean pasa daiteke. Ama GIBduna duten umeek haurdunaldian, jaiotzean edo edoskitzean kutsa daitezke. Ezin da listuaren bidez kutsatu.
Lehen sintomak: Lehen asteetan, gripearen sintomak pairatzen dituzte kutsaturikoen erdiek. Sei edo hamabi astera, antigorputzak sortzen hasten da kutsaturikoak. Askok ez dute gaitza garatzen urte luzeetan, baina beste pertsonak kutsatzeko ahalmena dute.
Hiesa garatzen denean: Immunitate sistema ahuldu ahala, gaixoa tuberkulosi, pneumonia eta bestelako gaitzak garatzeko arrisku handiagoa dauka. Bakterio, onddo eta bizkarroi arrunten aurrean ahulagoa da.
Botikak: GIBdunaren bizia luzatzeko hainbat botika sortu dira azken urteotan. Garestiak izateaz gain, nahigabeko ondorio asko izaten dituzte. Munduko hainbat herrialdetan botika generikoak merkaturatu dituzte: patente eskubiderik ordaintzen ez dutenez, merkeagoak dira.
-
Deialdiak
Donostia: Elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean 19:30ean.
Bilbo: Hiesaren kontrako borrokan dabiltzan elkarte guztiek antolatuta, erakusketa ipini dute San Frantziskoko auzo etxean: «Hiesa: 20 urteko komunikazioa».
-
IKERKUNTZA
Mikrobizidak: izurritea moteltzeko itxaropena
Preserbatiboak oso eraginkorrak dira sexu harremanen bidezko kutsadura saihesteko. Herrialde askotan, ordea, horren erabilera mugatzen dute kultur faktoreek. Esaterako, emakumeak askotan ezin dituzte gizonezkoak preserbatiboak erabiltzera behartu. Hori dela-eta, gaitzaren zabalkuntza moteltzeko itxaropena mikrobizidak direla uste dute sendagile askok. Mikrobizidak ukendu gisa prestatzen dira eta baginan zein ondestean zabalduta GIB birusak kutsatzea saihesten dute.
Egun 60 bat produktu ari dira garatzen laborategietan. Enpresa txikietan ikertu dituzte orain arte. Laborategiok arazo tekniko ugariri egin behar dizkiete aurre: mikrobizidak egonkorrak izan behar dira, batez ere, klima beroetan. Latex zein beste produktuekin bateragarriak izan behar dute, eta erabilgarriak baginan zein ondestean.Edonola ere, abantaila handiak ekar ditzaketela argudiatzen dute haien defendatzaileek. Esaterako, ikerketak 750 milioi kostatuko lukeela kalkulatzen dute (garaturiko hiesaren aurkako botika bat sortzeak 500 milioi kostatzen du). 2007. urtetik aurrera espero da lehen mikrobizidak merkatuan izatea, %60ko eraginkortasunekoak. Seguruagoak (%97) 2017rako espero dira. Edonola ere, %60 eraginkortasunak hiru urtetan 2,5 milioi infekzio saihestuko lituzke.