Hil egin da Baionan jipoitu zuten autobus gidaria

58 urteko gizona Baionako ospitalean zegoen garun heriotzarekin. Asteazkenean ehunka pertsona elkartu zen haren kontrako erasoa salatu eta familiari babesa erakusteko. Aste guzian geldirik egon ondotik, astelehenean itzuliko dira lanera Baionako Hiriguneko autobus gidariak, segurtasun neurriak zorrozteko akordioa lortuta.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 10a
17:15
Entzun

Hil egin da Philippe Monguilot, Chronoplus sareko autobus gidaria. Joan den igandean, bortizki eraso zioten 58 urteko gizonari, eta Baionako ospitalean zegoen garun heriotzarekin. Talde bati maskara jar zezatela eskatzeko jaitsi zen, iskanbila sortu zen, eta bi pertsonak jipoia eman zioten. Konorterik gabe utzi zuten, eta ihesi joan ziren. Biharamunean atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak, erasoa gertatu zen auzo bereko etxebizitza batean. Haietako biri kolpeak eman izana leporatzen diete; beste biri, ustezko erasotzaileak babestu, eta biktimari laguntzarik ekarri ez izana. Astearte arratsean preso sartu zituzten laurak.

Asteazkenean, ehunka jende elkartu zen Baionan, kamiseta txuriak soinean, autobus gidariaren kontrako erasoa salatu, eta haren familiari babesa erakusteko. 58 urteko gizonaren senideek ireki zuten martxa, haren argazkia eta arrosa zuri bana eskuan zutela; haien ondoan, Chronoplus autobus sareko lankideak, hautetsiak, eta herritar andana. Erasoa gertatu zen Balichon auzotik ospitaleraino ibili ziren, txalo zaparrada artean.

Astelehenetik geldirik egon dira Chronoplus sareko autobusak, langileek erretiratzeko eskubidea erabilita. Aste guzian sindikatuak zuzendaritzarekin negoziatzen aritu dira baliabide gehiago lortu eta segurtasuna hobetzeko. Baina gaur arratsaldean akordioa lortu dutela jakinarazi dute Euskal Elkargoko komunikazio zerbitzuek. Sarea kudeatzen duen Keolis enpresal segurtasun neurriak zorroztuko ditu, eta autobus sareko gidariak lanera itzuliko dira heldu den astelehenean.

Uztailaren 13tik agorrilaren 30era arte, segurtasun agente bat egonen da Trambus bakoitzean, eta baita gauez diharduten autobus normaletan ere. Halaber, sarea zaintzen duten segurtasun agenteen taldea indartuko dute, edozein lekutan esku hartzeko aukera izan dezaten. Hemendik aitzina, autobusetako gidariak plastikozko babes dispositibo baten gibelean izanen dira, eta irrati sistemaren seinalea hobetuko diete. Lehen neurri horiek uda honetarako hartuko dituzte, baina, heldu den ikasturtetik aitzina, segurtasun neurri iraunkorrak ezarriko dituzte autobus sare guzian.

Langile guziak ez dira, hala ere, gehiegizko segurtasunaren aldekoak, Ekaitz Bergaretxe autobus gidariak azaldu zuenez. «Batzuek zalantza dute ea gidaria erabat babestu behar den berina baten gibelean. Gutariko batzuk ez gaude horren alde», esan zuen. «Nahiago dugu gidaria irekirik utzi, jendearekin harreman hori landu egunerokoan; orain arte horrek funtzionatu du. Horrelako segurtasun neurriekin uste dugu eragina kontrakoa izan daitekeela finean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.