Atzo gauean bertan hil zen arratsaldean ertzain batek buruan tiro bat eman eta oso larri zauritu zuen gizona. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Atzo arratsaldeko 17:00ak aldera gertatu zen, N-1 errepidean, Alegia parean. Errepidean izandako arazo bat zuzentzen ari zen Ertzaintzaren patruila bat Alegiako irteeran. Herrizaingo Sailaren arabera, ertzainetako batek auto «susmagarri» bat ikusi zuen bide ertzean. Ertzaina autora hurbildu zen eta autoan zihoazen lagunak Herrizaingo Sailak ez du zehaztu zenbat autotik atera ziren. Ertzaina horiek identifikatzen saiatu zenean, Herrizaingo Sailaren esanetan, «indarka» ertzaina erasotzen saiatu ziren. Liskarrean ertzainak tiro egin zuen «nahi gabe» eta tiroak buruan jo zuen autotik atera zen gizonezkoa.
Anbulantzia batek zauritua Donostia ospitalera eraman zuen, oso larri, eta gaueko lehen orduan hil zen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, hala egiten du ertzainen batek laneko pistolarekin tiroren bat egiten duen guztietan.
Hiru atxilotu Arrigorriagan
A-8 autobidean gidari atzerritarrei lapurtzen zieten hiru lagun atxilotu zituen iragan ostegunean Ertzaintzak. Hiru lapurreta egotzi dizkiete.
GERTAKARIAK
Hil egin da ertzain batek Alegian «nahi gabe» tiroz zauritutako gizonezkoa
Zauritua ertzainarekin indarka ari zela jazo zen gertaera, Herrizaingo Sailaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu