Hilaren 25ean egingo dute Ibilaldia Galdakaon, hiru gunetan banatuta

47. aldiz egingo dute Bizkaiko ikastolen aldeko festa. Asteburu osorako egitaraua ondu dute.

Ibilaldiaren aurkezpena, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ibilaldiaren aurkezpena, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 13a
16:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilaren 25era begira dago Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako hezkuntza komunitatea, orduan egingo baitute Bizkaiko ikastolen aldeko festa, Ibilaldia. Gaur aurkeztu dute, eta festaren nondik norakoen berri eman dute; hiru gune egongo dira aukeran: Eguzkibegi ikastola, Romualda Zuloaga plaza eta Kurtzeko plaza. Eta leloa ere aukeratuta daukate: Magaletik herrire euskera erdire.

47. aldiz egingo dute festa, eta aukera zabala egongo da, antolatzaileek azaldu dutenez: «Jai egitaraua askotarikoa izango da, adin eta gustu guztietarako jarduerak barne hartuta: haurrentzat eta gazteentzat, jolasak, tailerrak eta ikuskizunak izango dira; familientzat, ekintza parte hartzaileak; eta helduentzat, musika, dantza eta gune lasaiagoak». Ikastolan, besteak beste, kontzertuak emango dituzte Akerbeltzek eta DJ Bullek, eta Erronka ere bertan egingo dute; Romualda Zuloaga plazan, Go!azen-en ikuskizuna egongo da, baita Motx pailazoa ere; eta Kurtzeko plazan, herri kirolak eta puzgarriak izango dira aukeran.

Gainera, edozeinentzako modukoa izango dela nabarmendu dute; hots, programa «inklusiboa eta parte hartzailea» izango da: «Eguzkibegi ikastolako jaiak guztiontzat dira. Horregatik, egitaraua inklusiboa eta publiko guztientzat egokitua izan dadin antolatu dugu: haur, gazte, heldu eta adinekoentzat, eta baita gaitasun eta jatorri aldetik askotarikoa den jendearentzat ere». Horregatik, jarduera batzuk «egokituta» egongo dira, ingurua irisgarria izango dela bermatuko dute, eta «begirunez» eta «aniztasuna» kontuan hartuz jardungo dute «une oro».

Iragarri dutenez, bereziki erreparatuko diote ingurumenari; jaia jasangarria izatea dute xede: «Ikastolen Elkarteak eta Ibilaldian parte hartu duten eragile guztiek bat egin dute ekitaldi hau ospakizun berde eta ekologikoago bihurtzeko». Horretarako, ingurumen plan zehatz bat egin dute: «Eguzkibegi ikastolako jaia ingurumenarekiko konpromiso argia izanda antolatuko da. Jasangarritasuna ez da ideia orokor bat bakarrik: gure antolaketa osoan izango da presente».

25az harago

«Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdi bat soilik: urte osoan garatuz doan proiektu bat da», nabarmendu dute antolatzaileek. Horrenbestez, egun nagusia maiatzaren 25a izango bada ere, aurrez ere izan da zertaz gozatua: besteak beste, azaroan, Gau Beltza antolatu zuten, eta urtarrilean, «galdakoztarren desafioa». Gainera, jaiaren bezperarako ere ondu dute egitarau bat: hiruko futbol txapelketa, umeentzako tailerrak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.