Atzo gauean, 22:45 aldera, N-232 errepidean, Tuteran, istripu larria eragin zuen kontrako noranzkoak zihoan ibilgailu batek: beste hiru auto errepidetik aterarazi zituen, eta horietako batean zihoan pertsonetako bat, 25 urteko Noelia Luzan Vega neska gaztea, hil zen.
Ibilgailua kontrako noranzkoan zeraman auto gidaria, Tarazonako (Zaragoza, Aragoi) 41 urteko gizonezko bat, atxilotu egin zuen Guardia Zibilak eta positibo eman zuen alkoholemia proban.
Hildakoaz gain, bi pertsona larri zauritu ziren kamikaze-ak eragindako ezbeharrean: 51 urteko Benita Vega (hildako neskaren ama) eta 64 urteko Enrique Perez. Tuterako Reina Sofia eriexean daude biak.
Gaur goizean, berriz, 32 urteko emakume bat hil da A-8 autopistan, Muskizen (Bizkaia), bi autok elkar jo ondoren. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez, ezbeharra jazo den lekuan bertan hil da.
Goizeko 09:30ak aldera gertatu da istripua: Bilborako noranzkoan zihoazen Renault Clio batek eta Peugeot 306 batek elkar jo dute, eta Peugeota iraulita geratu da errepide gainean.
Ibilgailu horretan zihoan pertsona bakarra, 32 urteko I.I.S., hil da. Bilboko Patologia Forentseko Zerbitzura eraman dute gorpua, autopsia egiteko.
Errepideak
Hildako bi errepideetan
Azken orduetan bi emakumezko hil dira errepideetan, istripu banatan. Atzo gauen, Tuteran (Nafarroa), N-232 errepidean, gertatu zen lehena, kontrako noranzkoan zihoan ibilgailu batek eraginda, eta 25 urteko neska gazte bat hil zen. Bigarrena, Muskizen (Bizkaia) jazo da, A-8 autopistan; 32 urteko emakumezko bat hil da hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu