Osasun menstrualak eragina du osasun mentalean. Hipotesi hori darabil Biogipuzkoako ikerketa talde batek. Espainiako beste ikertzaile batzuekin batera ari dira aztertzen zer eragin duen hilekoak emakumeen bizi kalitatean. Informazioa biltzen aritu dira, eta laster argitaratuko dituzte datu zehatzak eta ondorioak. Hala ere, jasotako informazioaren arabera, lotura ukaezin bat dago: hileko patologikoak dituzten emakumeengan handitu egiten dira antsietate eta depresio tasak. Hain larriak ez diren kasuetan ere, menstruazioaren aurreko oinazeak eta hileko mingarriak izateak lotura du antsiolitikoak erabiltzearekin.
Ikerketak beste emaitza interesgarri batzuk eman ditu: gutxi ikertzen da osasun menstruala, horrekin zerikusia duten gaixotasunak ez dira behar adina diagnostikatzen, oraindik ere tabu asko eta ezagutza falta handia dago, eta gizartean ikusgaitza da, nahiz eta herritarren erdien prozesu biologiko bat den.
Hormonak aitzakia izan dira historikoki emakumeak bakartzeko eta egoera sozial batzuetatik kanporatzeko. Halaber, emakumearen sentipenak —haserrea, amorrua, sentiberatasuna— gutxiesteko eta trufa egiteko aterki ere izan dira. Hori ikusirik, hilekoa aztertzen duten zenbait ikertzailek galdera bat jarri dute mahai gainean: nola bultzatu neskak hilekoa dutela ozenki esatera, haien aurkako tresna bihur badaiteke? «Hilekoa izanda, beti epaitua izango zara», baietsi du Maialen Berridi Agirrek. Biogipuzkoa institutuko lehen mailako arreta taldeko kideetako bat da, baita familia medikua eta Gipuzkoako familia eta komunitate arretako Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionaleko teknikaria ere. Berridirekin batera, Estibaliz Ganboa, Ainhoa Ulibarri eta Ana Garaikoetxea ari dira ikertzen zer lotura duten osasun menstrualak eta osasun mentalak. Espainiako ikerketa batean parte hartzen ari dira, eta Gipuzkoako atalaz arduratzen dira.

«Hutsunea dago gai horren inguruan. Ikerketa gehienetan, prozesu biologiko horrekin lotutako patologia nagusiak jorratu dituzte batez ere; esaterako, obario polikistikoa eta endometriosia», azaldu du Berridik. Hutsune hori betetzeko ahaleginean batu ziren Espainiako ikerketara. «Katalunian gai horri heldu ziotela jakin genuen, eta haiek abiatutako ikerketan laguntzen hasi ginen, beka bati esker. Gurekin batera, Andaluziako, Galiziako eta Kanariar uharteetako taldeak ere parte hartzen ari dira», zehaztu du.
Ikerketaren abiapuntua izan zen osasun menstrualak eragina izan dezakeela osasun mentalean. Behin diagnostiko hori eginda, hurrengo pausoa da zer egin daitekeen bizi kalitate hori hobetzeko. Ikerlanaren helburua da aztertzea nola bizi duten emakumeek osasun menstruala. «Modu zabalean ulertuta ari gara», zehaztu du. Berridik argitu duenez, «gai horretaz hitz egiten dugunean, maiz izaten da gabezia bat edo gaixotasun bat dagoenean».
Hiru fase ditu ikerketak. Lehenengoa kuantitatiboa eta zabalena da, eta hipotesiak sortzeko xede izan dute. Gipuzkoako sei osasun zentrotako pazienteek parte hartu zuten —Ordizia, Villabona, Errenteria, Donostia, Lasarte-Oria eta Irungo zenbait zentrok—. Emakume horien erantzunak aztertuta, hona hemen ondorio batzuk: osasun mental eta bizi kalitate okerragoa dutela, batetik, hileko luzeak eta mingarriak dituzten emakumeek, eta, bestetik, ezagutza falta edo tabuak direla medio hilekoak kutsu negatiboz bizi dutenek. Dena dela, «ikusi genuen osasun menstruala modu positiboan antzematen duten emakumeak ere badirela: batzuei indarra ematen die», nabarmendu du Berridik.
Bigarren fasea kualitatiboa izan da, eta, Gipuzkoari dagokionez, Donostiako Groseko osasun zentroko emakume batzuek parte hartu dute. Hirugarren fasean, «behar horietatik abiatuta, ekintza zehatzak proposatzen saiatu gara». Fase horretan eragile askok jardun dute: besteak beste, hezkuntzako profesionalek, Emakundek, emakumeen etxeek, sexualitatearen arloko taldeek, psikologoek, emaginek, erizainek, medikuek eta berdintasun sailetako profesionalek.
Gabeziak eta proposamenak
Ikerketan igarritako zenbait gabezia aipatu ditu Berridik: «Hilekoa oraindik ere oso pribatua da; ez da horretaz hitz egiten, eta ez da lantzen». Gipuzkoako ikerketa taldeari beharrezkoa iruditzen zaio mezu argiak ematea, ezagutza falta handia dagoelako oraindik ere. «Tabuak, beldurrak eta lotsa... duela 50 urte bezala gaude. Irakasleek esaten ziguten 10 edo 11 urteko neskatilek oraindik ere lotsaz bizitzen dutela. Mezu ezkorrak ematen zaizkie askotan. Adibidez: 'Ezkutatu konpresa, eta lagunduko dizut komunera'». Berridiren iritziz, «normalizatu beharko genuke geletan kutxa batean konpresak, tanpoiak eta kopa menstrualak egotea».
«Lanketa hori egin daiteke, eta ahalik eta garaizen egitea komeni da, gainera: lehen hezkuntzan, bai eskoletan, bai aisialdi taldeetan eta irakasle eskoletan ere», proposatu dute ikertzaileek. Uste dute irakasleen curriculumean txertatu beharko litzateke gai hori nola landu. «Sexualitatearen gaia txertatu da, baina menstruazioaz, ostera, ez da hitz egiten».
Antzeman duten beste behar bat da eskoletan emaginaren figura ezagutaraztea. «Nerabeek jakin behar dute zer egiten duen profesional horrek, eta zer sintomarekin komeni den harengana jotzea, emakume asko ez baitira emaginarengana joan haurdun geratu diren arte».
Osasun menstrualaren produktuei ere heldu diete ikerlan horretan: garestiak dira, batzuen inguruan aurreiritziak daude, eta azpiegiturak ez dira egokiak denak behar bezala erabiltzeko. «Tanpoiak eta konpresak dira ezagunenak eta erabilienak, baina badira beste produktu batzuk merkeagoak eta ekologikoagoak, eta ez dira ez ezagutzen eta ez sustatzen», adierazi du. Kopa menstruala da horren adibide. Berridik esanetan, «ikastetxeetako edo eraikin publikoetako komun batzuek ez dute konpresak eta tanpaxak botatzeko leku egokirik, eta gehienak ez daude prestatuta, adibidez, kopa menstruala erabiltzeko, ez baitute komunaren barruan eskuak garbitzeko konketarik».
«Harritu gaitu ikusteak emakume batzuek normaltzat hartzen dutela beti mina edukitzea edo hamar edo hamabost eguneko hilekoak izatea. Osasun zerbitzuetara jotzeko patologia argiak dira, baina ez dira tratatzen»
MAIALEN BERRIDIFamilia medikua eta ikertzailea
Beste gabezia bat da hilekoarekin zerikusia duten gaitzak gutxiegi diagnostikatzen direla. Ikertzaileak aitortu duenez, «harritu gaitu ikusteak emakume batzuek normaltzat hartzen dutela beti mina edukitzea edo hamar edo hamabost eguneko hilekoak izatea. Osasun zerbitzuetara jotzeko patologia argiak dira, baina ez dira tratatzen». Endometriosia da horren adibiderik garbiena. Berridik adierazi duenez, «maiz gertatu da emakume batek esatea min handia zuela hilekoarekin, eta ez ematea behar zuen garrantzia». Horren ondorioz, urte askotan sufritzen aritu dira alferrik, «ebakuntza batekin konpon zitekeen gaitza izanda».
Irudi irreala ikus-entzunezkoetan
Hedabideetan, iragarkietan, telesailetan eta filmetan oso gutxi aipatzen da hilekoa, eta, aipatzen denean, irudi irreala ematen dela nabarmendu dute gaia jorratzen duten zenbait adituk. Aktibotasuna, indarra eta garbitasuna dira menstruazioarekin lotzen dituzten ezaugarriak. Baina bestelakoa da errealitatea. «Gure gizartean ez da begi onez ikusten norbaitek, hilekoa izanda, erabakitzea sofan etzanda eta irakurtzen geratzea», esan du Maialen Berridik. Haren ustez, gure gizarte ereduak bultzatzen gaitu etengabe ekintzak egitera, beti aktibo izatera. «Emakumeok ere ez diogu uzten geure buruari atseden hartzen, eta horrek eragiten du geure buruarekin gatazkan egotea, eta hilekoa modu negatiboan bizitzea». Adibide bat jarri du: «Lau edo bost egunez gaizki pasatzen duen batek egunero lana, kirola, musika, ingelesa... ekintza guztiei aurpegi onarekin aurre egin behar badio, nola ez du modu ezkorrean biziko hilekoa?».
hilekoa eta tabuak
Tabu edo tapua hitza polinesieratik dator. Kultura hartan, sakratua, gizagaindikoa, boteretsua eta debekatua esangurak zituen, eta, haien ustez, emakumeen hilekoak ere ezaugarri horiek zituenez, zenbait tributan tabu deitzen zioten hilekoari ere. Urrun geratu da polinesiarrek sortutako kontzeptu hori. Gaur egun, oraindik ere, tabu izaten da hilekoa, baina ez ezaugarri positiboengatik.
Hona hemen menstruazioarekin lotutako tabu batzuk: hilekoa izanda  ukituz gero, landareak ihartzen ei dira; maionesa eginez gero, hondatu; sukaldean arituta, janaria ez ei da ondo ateratzen; hilekoa izan bitartean, emakumeak ezin dutxatu edo uretan sartu, hilekoa eten egiten ei delako —herrialde batzuetan sinesten dute antzutasuna ekartzen duela—; hilekoarekin, emakumeak ezin ei dira haurdun geratu; ezin kirolik egin; ur berotan bainatuz gero, hemorragia izan dezakete; tanpoiekin birjintasuna gal dezakete; elkarrekin bizi diren emakumeen zikloa sinkronizatu egiten ei da.
Â