Hilketa saiakera, hondatze eta suntsiketa larriak, eta arma bidez bortizkeria erabiltzea leporatu dizkiote Baionako meskitaren kontrako atentatu islamofoboaren harira atzemandako gizonari. Gaur arratsaldean deklaratuko du kasua ikertzen ari den instrukzio epailearen aitzinean. Marc Mariee Baionako prokuradoreak atzo azaldu zuenez, gizonak aitortu du meskitaren aurrean sua eragin zuela eta bi gizonei tiro egin ziela. Armak atzeman zizkion Poliziak: pistola bat, fusil bat eta granadak zeuzkan etxean, eta autoan, gas bonbona bat eta kartutxoak. Militar ohia da atxilotutako gizona, 84 urtekoa, eta Fronte Nazionaleko hautagai izandakoa, departamenduko bozetan, 2015ean.
«Akusatuari egindako galdeketek zalantzak eragin dituzte haren buru osasunari buruz», ohartarazi zuen prokuradoreak. Izan ere, erasoaren oinarri gisa azalpen nahasiak eman ditu gizonak. Poliziei azaldu die Parisko Notre Dame katedraleko sutea «mendekatzeko» eraso diola Baionako meskitari. Joan den apirilean su hartu zuen Parisko katedralak, eta, ikerketen arabera, istripua izan zen: eraikinean egiten ari ziren obretan sortu zen sua. Atxilotutako gizonak, ordea, musulmanekin lotu du sutea —katedralak su hartu zuenean eskuin muturreko sareetan zabaldu zuten teoria hori, besteak beste—.