«Hiri eredu bizigarri bat» aldarrikatu dute Donostian

'Donostia defendatuz herritarron plaza' izeneko informazio eta aldarrikapen gunea martxan egon da gaur Bulebarrean, hiriko 43 elkartek sustatuta.

Bulebarrean gaur informazioa emateko jarritako guneetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bulebarrean gaur informazioa emateko jarritako guneetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 27a
20:10
Entzun

Donostia defendatuz, hiri eredu bizigarri baten alde! aldarria ozendu dute gaur egun osoan Donostiako Bulebarrean hiriko 43 elkartek. Donostia defendatuz herritarron plaza izeneko informazio eta aldarrikapen gunea jarri dute martxan horretarako, eta hainbat ekintza egin dituzte bertan. 20:00etan, bukatze aldera, elkarretaratze bat egin dute Donostiako udaletxe aurrean.

«Donostiako egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dago», adierazi zuten deitzaileek gaurko ekinaldirako deia egin zutenean. «Gehiengoaren bizi baldintzak baztertuta geratzen dira, sektore pribilegiatuenen mesedetan». Udal gobernuaren erabaki okerren ondoriotzat daukate hori, hein handi batean: «Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira». Politika horren eraginak gero eta «larriagoak» direla uste dute, eta gero eta zailagoa dela hirian bizitzea: «Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da».

Gaur salatu nahi izan dituzte propio herritarren beharrekin «zerikusirik ez duten» zenbait hirigintza proiektu, bizilagunen «ahotsari» kasurik egin gabe egingo direla iritzita. Basque Culinary Centerren bigarren eraikina egiteko Manteoko parkea «suntsitzeko» plana, etxebizitza arloan egin nahi diren hainbat proiektu, eraikin historiko esanguratsuak babesik gabe uzteko erabakiak eta metroaren igarobidearen proiektu «zentzugabea» kritikatu dituzte, besteak beste.

Proiektu horiek guztiek eta beste hainbatek herritarrentzat onura gutxi dakartela uste dute, eta udalari egotzi diote Donostia modu «arriskutsu eta atzeraezinean saldu» nahi izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.