Europako Batasunean sortzen diren hondakinen %9 ere ez dira hiri hondakinak. Industriak eta eraikuntzak, adibidez, askoz hondar gehiago sortzen dituzte, baina hiri hondakinen inguruan presio publiko eta legal handiagoa dago, Estefania Jimenezek azaldu duenez. Egoitza Bruselan duen Municipal Waste Europe elkarteko kide da Jimenez, eta Donostian izan berri da, Ihobek hiri hondakinei buruz antolatutako jardunaldi batean. Garbi du europar bakoitzak gero eta zabor gehiago sortzen duela, noiz-eta hondakinak murrizteko helburu zehatzak legeetan jasoak dauden garaiotan.
Datuak argiak dira: 2022an, biztanleko 513 kilo zabor sortu ziren Europako Batasunean, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa oro har hartuta, ez dago alde handirik: 503 kilo pertsonako. Nafarroan, berriz, herritar bakoitzak zakar gutxixeago sortzen du batez beste: 2022an, 419 kilo ziren, eta iaz, berriz, 413. Ipar Euskal Herrian, aldiz, beste lurraldeetan baino gehiago sortzen dute: 619 kilo herritar bakoitzeko. Jimenezek azaldu du egoera larria dela Europako Batasunean: «Europako arau mordoa ditugu hiri hondakinei dagokienez, eta ikusten dugu ez direla aplikatzen ia. Horren erakusgarri, ia hilabetero Europako Batzordeak arauak hautsi dituztelako jakinarazpena bidaltzen die estatu kide guztiei, ez dutelako Europako legeen transposiziorik egin».
Hori dela eta, Jimenezek ezinbestekotzat jo du egungo arauak aplikatzea, baita «zatiketa» amaiaraztea ere. Izan ere, azaldu zuenez, hiri hondakinen kudeaketa hobetzeko irizpideak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera. Esan daiteke Europa lerro diagonal batek zatitzen duela, ipar-mendebaldean erraustea gailentzen baita, eta hego-ekialdean, berriz, hondakinak zabortegietara botatzea: «Ipar-mendebaldean, eztabaidaren ardatza zera da, erraustegien gaitasuna apaltzea eta indarra birziklapenean eta bestelakoetan jartzea. Hego-ekialdean, berriz, ia ez dago errauste lantegirik, eta halakoen gaitasuna handitzean datza eztabaida, baina eztabaida hori ezin da egin hondakinen hierarkiaren markoa kontuan hartu gabe».
«Europako arau mordoa ditugu hiri hondakinei dagokienez, eta ikusten dugu ez direla aplikatzen ia»
ESTEFANIA JIMENEZ Municipal Waste Europe elkarteko kidea
Jardunaldian izan zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea ere, Josu Bilbao, eta bereziki nabarmendu zuen herritarren kontsumoaren bilakaerak nola eragin duen zakarraren konposizioan: «Pentsa genezake paper eta kartoi gehiago botatzen dela, online merkataritzagatik, baina alderantziz gertatu da, jada ez baititugu horrenbeste egunkari eta aldizkari erosten. Edukiontzi arinen ugaritzea kezkagarria da, eta aurre egin behar zaio».
Errefusa murriztea funtsezko
Bereizi daitezkeen hondakinez beteta egon ohi dira errefusaren edukiontziak, eta, hain justu, kudeaketa hobetzeko eta ezarritako helburuak betetzeko, funtsezkoa da hondakin bereizgarriak dagokien edukiontzian bota daitezen lortzea. Jimenezen ustez, Europa hegoaldean batez ere, errefusaren erdia bio-hondakinak izan ohi dira, eta ziur da errefusaren edukiontzietan halako zabar gutxiago izatea lagungarri izango dela ezarritako helburuak betetzeko; are, uste du beste sektore ekonomiko batzuen mesederako ere izango litzatekeela; nekazaritzaren mesederako, esaterako.
Europako araudiak eskatzen duenaren arabera egindako Espainiako 7/2022 legean zehazten denez, gutxienez zakarraren %50 bereizita jaso beharko da 2035erako. Ihobek aurten egin duen txostenaren arabera, 2022an Euskal Autonomia Erkidegoko hiri hondakinen %45,3 baino ez ziren jaso bereizita; Nafarroan, berriz, tasa hori %48koa zen urte hartan, baina iaz %53ra iritsi zen.
«Edukiontzi arinen ugaritzea kezkagarria da, eta aurre egin behar zaio»
JOSU BILBAO Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea
Bilbao sailburuordeak adierazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan datu on batzuk badaudela, baina, hondakinen kudeaketari lotutako arlo batzuetan, asko falta da oraindik helburuak betetzeko. Esaterako, hondakinen sorkuntza absolutua %8,2 apaldu da 2010etik hona, baina Bilbaok esan zuen datu hori engainagarria dela: «Ez da dirudien bezain polita». Izan ere, biztanle bakoitzeko, orduan baino zakar gehiago sortzen da: 2010ean 492 kilo sortzen zituen EAEko biztanle bakoitzak, eta gaur egun, berriz, 510. Nafarroan, aldiz, 441 kilotik 413ra apaldu da datua denbora tarte berean, baina Europako Batasunean ere goranzkoa da joera: 503 kilo zen lehen, eta 513 orain. «Herritarrok lan handia dugu egiteko. Denak ari gara hondakin gehiago sortzen», esan zuen Bilbaok.
Hondakinen kudeaketa
Gauza bat da zaborrak nola botatzen diren, beste bat nola jasotzen diren, eta azkenik, horiekin zer egiten den. Bada, lurralde bakoitzeko ohituren, ekonomiaren eta geografiaren arabera, aldatu egiten da hori. Hondakin batek erraustegi batean amaitu dezake, eta beste batek zabortegi batean. Hondakin organiko batzuk konpost bilakatzen dira, eta edukiontzi batzuetako zaborra birziklatu egiten da. 2010etik hona, Europako Batasunean gora egin dute birziklapenak (hondakinen %30) eta konpostatzeak (%19); errausketa ere bai, pixka bat (%25), eta behera egin du zabortegira botatakoen ehunekoak (%23).
EAEren kasuan, nabarmen gutxitu da zabortegira botatakoa; izan ere, biztanle bakoitzeko 243 kilo zabor botatzen ziren zabortegira 2010ean, eta 89 kilok soilik 2022an. Hori ez da soilik gehiago birziklatzearen ondorio, Zubietako erraustegiaren jarduna ere tartean baita. Konpostak gora egin du (hondakinen %8,5), baina inondik ere ez Europan bezainbeste. Nafarroaren kasuan, hondakinen %52 birziklatu dira, eta zabortegietan amaitu dute hondakinen %47k.