Askotan, turismoaren hazkunde etengabeari buruzko datuak lorpen goresgarriak izaten dira hedabideetako lerroburuetan eta agintarien adierazpenetan. Egun, gainera, oihartzun handia lortzen du denak Interneten bidez, eta, hala, errazagoa da jendearengan toki berriak ezagutzeko irrika piztea, gero eta ahaltsuago. Distira hori lokazten ere ari da, ordea. Ozentzen ari dira «turistifikazioari» buruzko zalantzak eta kritikak. Horietan sakontze aldera, Desazkunde Turistikoaren Aldeko Euskal Herriko Topaketa egin dute egunotan Donostian. Bizilagunekin plataformak antolatu du. Turistifikazioari erantzun! Bizilagunekin antolatu! leloa izan dute ardatz.
Solasaldietako batean, gaur goizean, Mikel Azkona arkitekto eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Itxaso Larramendi arkitekto eta Tipi kooperatibako kidea, eta Sukar Horia kolektiboko kide Marti Serra solastatu dira. Turismoak antzaldatutako herri eta hiriak izan dituzte hizpide. Bizilagunekin-eko Amaia Ouladek gidatu du hizketaldia. Gipuzkoako kostakoa da Azkona, Hondarribikoa, eta argazki batean erakutsi ditu hango Gran Sol pintxo taberna famatura sartzeko ilara egiten duten turistak. «Badira hamar urte ni ez naizela bertara sartu», onartu du. Izan ere, fenomenoak, bere aldaera ugarietan, ondorio sakonak dituela gogoratu dute hirurek. «Azkenean, turismoaren eraginarengatik, bizilekuak, alde historikoak-eta, gero eta gehiagotan ari dira dekoratu aseptiko eta kontrolatu bihurtzen, bertan egunerokoa garatzea ia ezinezkoa bihurtu arte», ohartarazi du Larramendik.
«Indar handia jartzen da esaten turismo baliabideak esplotatu egin behar direla. Gero, bukaeran, esaten da: 'Baina izan dadila jasangarria'»
MIKEL AZKONA Arkitektoa
Lurralde antolamenduaren ikuspegitik aztertu du gaia Azkonak. Bereziki, Eusko Jaurlaritzaren arloko dokumentu nagusiei erreparatu die, turismoaren inguruan zer esaten duten ikusteko. Eta jasota dago kontzeptua: turismo jasangarria. «Behin eta berriro agertzen da», onartu du. Ez du, ordea, aipatzen diren beste hainbat kontzepturen indarra. «Gehiago ikusi dut turismoaren potentzialtasunaren gaineko nabarmentzea, turismoak izan behar dituen ezaugarrien gainekoa baino», azaldu du. «Indar handia jartzen da esaten turismo baliabideak esplotatu egin behar direla. Foku nagusia hor dago. Gero, esaten da: 'Baina izan dadila jasangarria'». Hor jarri diren oinarri horiekin egin da bidea urteotan, eta uste du hori ez dela zalantzan jarri.
Hiri «distiratsuak»
Hirigintza ardatz, espazio publikoaren antolaketari erreparatu dio Larramendik. Eta ohartarazpena egin du: «sistema ekonomikoak» ardazten du, kapitalismoak, alegia. «Azkenean, edozein leku da kapitalizagarri. Arkitektoen obrak eta hiri eraldaketa handiak tresna eta palanka bihurtzen dira hiria merkatu global batean kokatzeko». Bide horretan, abisua eman du: espazio publikoaren erabilera arautzeko ordenantzek kaleen erabilera «domestikatzea» izan dute helburu urteotan. «Gomendagarria da ordenantza horiek irakurtzea, zeren eta gauza nahiko harrigarriak daude jasota», aholkatu du. Oro har, hiriak «distiratsu» agertzea dute xede: «Dena perfektua balitz bezala». Gogoratu du kapitalaren eta bizitzaren arteko «tentsioa» agerikoa izan zela, adibidez, «ekonomia industrialean». Baina beste modu batekoa zen orduan, bestelakoak ziren desorekak. Langileen auzuneetan ohikoak ziren, adibidez, leku osasuntsuetan bizitzeko arazoak, higiene baldintza egokien falta...«Oraingo borroka hori bera da, baina beste termino batzuetan». Eta bazterrean geratzen dira askotan bertako herritarrek «egunerokoan» dituzten premiak.
«Edozein leku da kapitalizagarri. Arkitektoen obrak eta hiri eraldaketa handiak tresna eta palanka bihurtzen dira hiria merkatu global batean kokatzeko»
ITXASO LARRAMENDI Arkitektoa
Krisi ekologikoaz ohartaraztea du helburu Sukar Horia kolektiboak. Heldu den «kolapsoaren» inguruan abisu ematen ari dira, eta ikuspegi hori aintzat hartuta masa turismoa bera auzitan jartzeko gakoak gizarteratu behar direla esan du Serrak. «Turismoa luxu hutsa da. Naturala iruditzen zaigu, baina 60 urte besterik ez ditu masa turismoak». Gogoratu duenez, turismoak kosta bazterrak-eta eraikinez betetzen dituenean aiseago erreparatzen zaie ondorio ekologikoei, baina turismo mota orok ditu ondorioak ingurumenean. Datu ugari eman ditu hori erakusteko. Horra bat, adierazgarria: Bartzelonako herritar batek egunean 1,2 kilo zabor sortzen ditu; hotel batean dagoen turistak, bost. Eta ingurumenaz bestelako ondorioak ere badira; hiri paisaian, adibidez. «Turismoak jendea bere tokietatik bota egiten du». Horren erakusgarri, Bartzelonarekin lotutako beste datu adierazgarri bat eman du Serrak: «Rambletan, herritarren %21 bakarrik dira bertakoak». Turismoak kanporatu egiten du jendea, eta lotu ere bai. «Turismoak bahitu egiten ditu gizarteak». Lanpostuak-eta sortzen ditu, eta, horren ondorioz, horiek galduko diren kezkatan, herritarrak ez ezik «agintariak ere» usu «bahituta» egoten dira: kontra egin ezinik.
«Urtean behin Balira joan behar dugu? Edo asteburu bat igarotzera Londresera? Gurpil horretatik atera behar dugu»
MARTI SERRA
Sukar Horia kolektiboko kidea
Horregatik behar dira sakoneko aldaketak, Serraren ustez. «Zer egin dezakegu? Nola lortu desazkundea? Sukar Horian, uste dugu borroka kulturala dela bideetako bat; horrek auzitan jarri behar du turismoaren zentralitatea. Ez da gauza natural bat, eta esan egin behar da hori», ekarri du gogora. Era berean, «gatazka» jakinei ere erreparatu behar zaie: «argi dugu Urdaibaiko Guggenheim geraraztea, adibidez, lorpen handia izan daitekeela». Baina, oro har, sakoneko aldaketen aldeko mezuak eman behar direla uste du. «Urtean behin Balira joan behar dugu? Edo asteburu bat igarotzera Londresera? Gurpil horretatik atera behar dugu; desazkundea ez da proposamen beldurgarri bat».