Hirigintza ereduak euskararen erabilerarako baldintzetan eragina duela ondorioztatu dute

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa bat egin du, eta ondorioztatu du garrantzia eman behar zaiola oinezkotasunari, eremu publikoari eta haurrentzako jolas eremuak sortzeari.

Herritar bat Tolosan paseatzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Herritar bat Tolosan paseatzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko apirilaren 14a
11:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Espazio publikoaren antolamendua ez da neutroa: herritarren eguneroko bizitza, harremanak eta hizkuntza praktikak baldintza ditzake». Hala ondorioztatu du Soziolinguistika Klusterrak Hirigintzaren Eragina Euskararen Kale Erabileran ikerketan; Zarauzko, Tolosako, Hernaniko (Gipuzkoa), Zornotzako eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) errealitateak aztertuta atera dituzte ondorioak. Hauxe nagusia: «Euskararen erabilera sustatu nahi bada, hizkuntza politikekin batera, hirigintza politikak ere erdigunean jartzea garrantzitsua da».

Izan ere, ikerketaren arabera, auzo bateko euskararen kaleko erabilera ez dator beti bat bertako bizilagunen ezaugarri soziolinguistikoekin, besteak beste, hirigintza erabakiek auzoen arteko fluxuak eragiten dituztelako. Esaterako, ikusi dutenez, zerbitzuen eta ekipamenduen kokapenak zuzenean baldintzatzen du kalean nor dabilen eta zer hizkuntza hitz egiten den. Hala, hezkuntza eta kirol azpiegituren inguruan euskararen erabilera handiagoa nabaritu dute; alta, osasun eta administrazio azpiegiturek erdaren presentzia handitzeko joera izaten dute.

Halaber, biztanleriaren ezaugarriei erreparatuta, nabaritu dute haurrak tartean direnean euskararen presentzia areagotu egiten dela. Beraz: «Euskararen erabilerari mesede egiten dio haurrentzako espazioak sustatzen dituen hirigintza ereduak».

Gainera, auzoak modua ematen duenean «gertuko topaketak» auzoan egiteko, euskarak presentzia handiagoa izaten du, «hiztun ezagunen arteko harremanetan segurtasun linguistiko handiagoa eta estres linguistiko txikiagoa dagoelako»: «Horregatik, merkataritza eta ostalaritza establezimenduei dagokienez, hurbilekoak diren eta herri izaera zaintzen dutenetan euskara gehiago entzuten da; izaera globalagoa dutenetan, berriz, erdarak nagusitzen dira».

Horiek horrela, esku hartzeari dagokionez, zera ondorioztatu dute: «Hiri zaintzaileak zentro bakarreko eredua gainditu behar du, auzoen arteko sare orekatua sortuz, oinezkotasunari eta espazio publikoari garrantzia emanez eta haurren jolas eremuak tokiko komertzio txikiarekin lotuz. Azken batean, horrek, hirigintza zaintzailea sustatzea ez ezik, hizkuntza gutxituaren mesedetan eraikitako hiria ere ekar dezake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA