Ezbeharra

Hiru dira Josibaiako auto istripuan hil diren ume zuberotarrak

Bi autok elkar jo zuten asteazkenean arratsaldean, eta 8 urteko haur bat hil zen. Haren hemezortzi hilabeteko anaia hil zen atzo, ezbeharrean izandako zaurien ondorioz. Gaur jakinarazi dute amari zesareaz eginda atera zioten umea ere hil egin dela.

Istripuan zauritu zen pertsonetako bat Baionako Ospitalera eraman zuten. GUILLAUME FAUVEAU
2021eko ekainaren 11
09:46
Entzun

Ezbehar oso larria izan zen asteazken arratsaldean Josibaian (Okzitania). Bi autok elkar jo zuten, eta horietako batean zihoan Zuberoako familia bateko 8 urteko haur bat hil zen. Hemezortzi hilabeteko anaia, berriz, larri zauritu zen, eta Paueko ospitalera eraman zuten. Atzo hainbat orduz hil ala bizi egon ostean, hori ere hil egin zen.

Bi haurrak eta ama zihoazen ezbeharra izan zuten autoetako batean. Ama Maulen jaioa da, eta haurdunaldi baten amaieran zegoen. Hori ere Paueko ospitalera eraman zuten helikopteroz, eta zesarea egin zioten. Haur jaioberria ostegun goizaldean jaio zen, baina gaur jakinarazi dute hori ere hil egin dela. Ama egoera egonkorrean dago.

Ezbeharrak oinaze handia eragin du Zuberoako eskualde horretan. Amak Bildoze-Onizepeako (Zuberoa) Tauzin espartin enpresan egiten du lan, eta 8 urteko haurra Onizepeako eskolara joaten zen. Christian Berkaits auzapezak jakinarazi duenez, psikologo talde bat eskolako 70 haur eta irakasleekin hasi da lanean. Hemezortzi hilabeteko haurra Mauleko haur eskolara joaten zen.

Beste autoan 68 eta 67 urteko emakume eta gizon bat zihoazen. Bidosekoak dira (Okzitania), eta Baionako eta Tarbeko ospitalera eraman zituzten. Osasun agintariek jakinarazi dutenez, euren bizitza ez dago arriskutan. Louis Labadot Mauleko alkatea "oso hunkitua" agertu da gertatutakoarekin. Istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da Nabarrengoseko Jendarmeriko Polizia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.