Bizkaiko zahar etxeetan oldarkor ari da gaitza azken asteetan. Foru Aldundiak jakinarazi du hiru egoiliar zendu direla azken orduetan, eta udako agerraldiak hasi zirenetik hamazazpi egoiliar zendu dira dagoeneko. Beste herrialdeetan ere eragin ditu ondoriorik latzenak: Gipuzkoan bi lagun hil dira gaitzaren ondorioz, eta Araban, bat.
Kutsatze gehiago ere izan dira Bizkaiko zentroetan. Orain, 114 egoiliar daude kutsaturik, eta beste hamazazpi ospitalean daude, COVID-19aren ondorioz. Langileen artean ere zabaldu da gaitza: 95ek positibo eman dute COVID-19aren proban, eta beste 88 bakarturik daude.
Koronabirusa duten gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak artatzeko Birjinetxe zentro soziosanitarioa egokitu du Bizkaiko diputazioak, eta 88 pertsona daude bertan: horietatik 63 zahar etxeetako egoiliarrak dira.