EUSKAL PRESOAK

Hiru egunez espetxetik irteteko baimena eman diote Gorka Fraileri

El Duesoko espetxeko Tratamendu Batzordeak eman dio ohiko baimena, eta hura onartu du Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak.

Euskal presoen eskubideen alde Bilbon urtarrilean eginiko manifestazioaren une bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2019ko ekainaren 6a
15:35
Entzun

Etxerat elkarteak atzo jakinarazi zuenez, hiru egunez El Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxetik irteteko baimena eman diote Gorka Fraile Durangoko presoari. Atzo itzuli zen kartzelara. Presoa bigarren graduan dago. Elkartearen arabera, espetxeko Tratamendu Batzordeak eman dio ohiko baimena, baina baimen horri oniritzia eman dio Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak.

Bigarren graduko presoek legez irteera baimenak lortzeko aukera dute. Urtean, gehienez, 36 egun har daitezke, urte osoan modu proportzionalean. Fraile ez da baimena jasotzen lehena, baina, orain arte, espetxe zaintzako epaileak apenas onartu dituen kartzelatik irteteko baimen eskaerak. EPPK-koen artean lehenik irteera baimena Xabier Sagardoiri eman zioten, iazko apirilean. Alfredo Remirezek ere jaso zuen baimen bat, Zaballan (Araba) zegoela. Bi haiek ere bigarren graduan zeuden baimenak erdiestean, eta libre daude gaur egun.

Sagardoiri eta Remirezi euren espetxeetako Tratamendu Batzordeak eman zien baimena. Ekaitz Ezkerrari, berriz, espetxe zaintzako epaileak eman zion, aurrez emandako irizpidea aldatuta. Kasu horretan, kontra agertu zen kartzelako zuzendaritza.

Hain justu, Fraile albiste izan zen joan den astean ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez zuelako tramitera onartu hura Euskal Herriratzearen alde aurkeztutako helegitea. Badajozko espetxetik (Espainia) Euskal Herrira gerturatzeko eskaera egin zuen Frailek 2016an, senideengandik gertuago egoteko. Durangokoa (Bizkaia) da Fraile, eta espetxe hori 700 kilometrora dago. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak babes helegitea ukatuta, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen, baina auzitegiak ebatzi du zuzenbidearen araberakoa dela Konstituzionalaren erabakia.

Bigarren gradua Ainhoa Barbarini; Iriondo, Lannemezanera

Bestalde, Espetxe Zaintzako Epaitegiak bigarren gradua eman dio AInhoa Barbarin Urretxuko (Gipuzkoa) presoari, Goierriko Hitza-k argitaratu duenez. Hamabost urte daramatza kartzelan, eta Valentzia III-Picassenten dago gaur egun. Kartzela horretako Tratamendu Batzordea bigarren gradua ematearen aldekoa zen, baina Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak ukatu egin zion gradu aldaketa hori. Barbarinen abokatuak helegitea jarri zuen orduan, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralean, eta horrek onartu egin du presoaren eskaera. 42 euskal preso daude bigarren graduan.

Bestetik, Etxerat-ek jakinarazi du Aitzol Iriondo Iartza preso lasartearra Moulins-Yzeuretik Lannemezango espetxera (280 km) hurbildu dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.