Hiru eta sei urte bitarteko kartzela zigorra eskatu dute Iruñean gazte bati jipoia eman zioten hiru militarrentzat

2023ko irailaren 29an, gazte bat jipoitu zuten lau gizonek, Iruñeko diskoteka baten kanpoaldean. Horietako hiru Espainiako armadako militarrak ziren garai hartan.

Foruzain bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Foruzain bat. IÑIGO URIZ / FOKU
14789412 kepa
2026ko ekainaren 23a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dituzte 2023ko irailaren 29an Iruñeko diskoteka baten kanpoaldean gazte bati jipoi bat eman zioten lau gizonetako bakoitzarentzat. Horietako hiru Espainiako armadako militarrak ziren garai hartan, Diario de Navarra egunkariak gaur jasotzen duenez. Gainera, datozen hilabeteetan Nafarroako Auzitegian izango den epaiketari begira, fiskalak eskatu du lau akusatuek 120.000 euroko kalte ordaina eman diezaiotela biktimari. Erasoaren ondorioz, biktimak traumatismo eta haustura ugari izan zituen; are, fiskalak azaldu duenez, 417 egun behar izan zituen sendatzeko, eta lesio batzuek ondorioak eragin dizkiote.

Epaituko diren gertakariak duela ia hiru urte izan ziren, Iruñeko diskoteka batean. Gazteak garagardo botila bat utzi zuen tabernako barran, eta, handik gutxira, akusatuetako batek mugitu egin zuen. Horrek eztabaida eragin zuen, fiskaltzak akusazio idazkian azaldu duenez. Gertaera horien ondorioz, eztabaida sortu zen gaztearen eta botila mugitu zuen akusatuaren artean, eta akusatuak muturreko bat eman zion gazteari. Jarraian, fiskalak zehaztu duenez, behin eta berriz jo zuen biktima, hura lurrera erorarazteraino.

Orduan, beste hiru akusatuak batu zitzaizkion, eta, gaztea lurrean zegoela, behin eta berriz jo zuten gorputz osoan, segurtasuneko langileek lehen erasotzaile lokalaren kanpoaldera atera zuten arte.

Sendatzeko, 417 egun

Baina horrek ez zuen geldiarazi erasoa, fiskaltzak azaldu duenez; izan ere, orduan auzipetuetako hiruk hainbat aldiz jo zuten buruan eta aurpegian, eta ostikoak ere eman zizkioten gorputz osoan, hormaren kontra inguratzen zuten bitartean. Azkenean, biktima eskailera batzuetara bota zuten, baina, orduan, beste pertsona batek esku hartu, eta gazteak ihes egitea lortu zuen. Iruñeko Alde Zaharrean zegoen Espainiako Poliziaren patruila bati deitu zion orduan.

Ikerketa Foruzaingoak hartu zuen bere gain, eta, lekukoei deklarazioa hartu eta kameren grabazioak aztertu ondoren, agenteek lau erasotzaileak aurkitu eta atxilotu egin zituzten, handik lau astera. Jipoian nahasitako hiru militarrak eta laugarren akusatua Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegira eraman zituzten, eta han, kautela neurri gisa, biktimarengana hurbiltzeko eta harekin komunikatzeko debekua ezarri zieten.

Erasoaren ondorioz, biktimak traumatismo eta haustura ugari izan zituen, 417 egun behar izan zituen sendatzeko, eta lesio batzuek ondorioak utzi dizkiote, fiskalak azaldu duenez. Horregatik guztiagatik, fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du; eta akusazio partikularrak sei urtera igo du, lesio delitu batengatik, «nagusitasunaren astungarria» kontuan hartuta. Era berean, eskatu dute 120.000 euroko kalte ordaina pagatu dezatela modu solidarioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA