Erandion bikote bat eta bien gurasoak etxegabetu dituzte haien etxeetatik

Bien gurasoek haien etxeekin bermatu zuten hipoteka. Epaitegiko ordezkariek ez diete men egin kanporatzeak bertan behera uzteko eskariei. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatua saiatu da etxegabetzeak oztopatzen, eta elkarretaratzera deitu du 20:00etarako.

Ertzainak eta udaltzainak, etxegabetzea egin nahian, gaur, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ertzainak eta udaltzainak, etxegabetzea egin nahian, gaur, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gotzon Hermosilla - Irune Lasa
2025eko azaroaren 21a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru familiaren etxegabetzeak are makurragoa egin du gaurko hotza Erandion (Bizkaia). Bankuaren eskariz eta epaileen aginduz, bikote bat bere etxetik kanporatu dute goizean, eta haien gurasoak arratsaldean etxegabetu dituzte.

Egoera lazgarriaren jatorrian gehiegizko klausulak dituen hipoteka bat dago, eta hipoteka berritzean bien gurasoek beren etxebizitzak abal gisa jarri izana, Elena Prado familiaren abokatuak azaldutakoaren arabera.

Bikotearen baserria Erandioko Kukularra bidean dago, mendi baten magalean. Bide hori 08:00etan moztu dute ertzainek eta Erandioko udaltzainek, eta ez diete pasatzen utzi Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuaren deialdiari jarraikiz protesta egitera bertaratutakoei.

Goiz osoan, gazteen talde batzuk inguruko bideetatik etxebizitzara hurbildu nahian ibili dira. Oztopoak oztopo, zortzi bat lagunek lortu dute etxera iristea, eta atean paratu dira, Etxegabetze guztiak gelditu leloa idatzia zuen pankarta batekin.

Etxegabetzeak iraun duen bitartean han egon dira, «Etxegabetzeak gelditu», «Borroka da bide bakarra», «Segizio judiziala, segizio kriminala», «Erasoen aurrean gogor eta tinko» eta antzeko oihuak eginez.

«Ez duzue zertan hau egin»

«Ez duzue zertan hau egin», esan diete ekintzaileek epaitegiko ordezkariei. Baina alferrik izan da, eta ertzainek etxegabetzeari ekin diote. Pankarta indarrez kendu dute, eta, azkenik, atean zeuden ekintzaileak banan-banan atera dituzte, arrastaka. Albo batera eraman, eta denak identifikatu dituzte.

Idazkari judizialak hizketaldi labur bat izan du barruan zegoen familiarekin, baina horrek ere ez du fruiturik eman, eta, hainbat saiakera egin ostean, mailuz ate nagusia bota eta sartzea lortu dute ertzainek. Orduan irten da kaleratu behar zuten familia, hunkituta eta nahigabeturik. Haien gauza apurrak bi autotan batu, eta joan egin dira, kazetariei eskerrak eman ondoren.

Aldi berean, baserritik oso hurbil, Aterrigorribarri auzoan ertzain gehiago zeuden, Kukularra bidean etxegabetzen ari ziren bikoteko kideetako baten gurasoak etxegabetzeko. Han ere ekintzaileak bildu ziren prozedura oztopatzeko, eta zenbait karga ere izan dira, segizio judizialari ezkaratzerako bidea errazteko. Azkenean etxegabetze hori ere gauzatu dute.

Elkarretaratzea

Eta berdin gertatu da iragarritako hirugarren etxegabetzearekin ere, Kukularra bideko baserriko beste bizikidearen gurasoak ere kanporatu baitituzte etxetik, Erandion bertan.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak, bestalde, «hiru etxegabetzeak eta gaurko errepresioa salatzeko» elkarretaratzera deitu du 20:00etarako, Altzagako metro irteeran, Etxegabetze guztiak eten. Etxebizitzak langile familientzat, ez bankuentzat lelopean.

Borrokan 2017tik

Etxegabetutako familiek urteak daramatzate UCI entitatearen mailegua salatzen eta bide guztietatik etxegabetzea bertan behera gera dadin borrokatzen. Santander Bankuaren Union de Creditos-ek 2007. urtean egin zion hipoteka mailegua bi anai-arrebei eta haien bikotekideei, baserria erosteko. Gerora, jabetza aldaketa bat izan zen, eta bikote bakarraren esku geratu zen etxea. Horretarako, hipoteka berritu behar izan zuten, eta orduan bien gurasoek beren etxebizitza abal gisa jarri zuten.

15535612
Segizio judiziala Kukularra bideko etxean sartzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Prado abokatuaren arabera, orduko hartan, UCIk diru gehigarri bat ezarri zion maileguari. «Familiari jakinarazi barik, maileguaren zenbatekoa handitu zuen, nahiz eta familiak diru hori jaso ez, eta horrek biderkatu egin zuen zorra». Gainera, gerora, jabetu ziren hipotekak gehiegizko klausulak zituela —erreferentziatzat erakundeen IRPHa zuen mailegu bat zen—.

Ordaintzen jarraituta ere kitatu beharreko kopurua murrizten ez zela ikusita, bikoteak abokatuengana jo zuen, eta auzi eskea aurkeztu zuen 2017an, gehiegizko klausulak salatzeko eta kontratua deuseztatzea eskatzeko. Baina auzi hori argitu artean, CIUk hipotekaren betearazpena eskatu zuen, eta, halakoak auziak baino lehenago bideratzen direnez, 2021ean epaitegiak etxegabetze prozedurak abiatu zituen.

Lehen aginduak urte hasieran iritsi ziren, baina kautelazko neurri gisa etxegabetzeak bertan behera uztea lortu zuten iaz familiek, Espainiako Auzitegi Gorenera jo baitzuten, eta helegitea aurkeztu zuten Europako Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiaren gehiegizko klausulei buruzko epai batean oinarrituta.

Milioi bat euro

Baina Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiak berriz agindu ditu etxegabetzeak, eta gaur egin dituzte.

Hain zuzen, Prado abokatuak azaldu duenez, beste bi auzi prozedura ere zabalik dituzte familiek. Bat 12. epaitegiaren kontra, prebarikazioagatik, argudiatuta ez duela Europako Auzitegiak esandakoa aintzat hartu, eta kautelazko neurri gisa etxegabetzeak bertan behera utzi beharko liratekeela; eta bestea babes errekurtso bat, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztua.

Abokatuak azpimarratu du familiak une oro jarraitu dutela hipoteka mailegua ordaintzen, eta dagoeneko 300.000 euro dituztela pagatuak. «Orain, milioi erdi euroko hipoteka batengatik UCIk hiru etxebizitza ditu, milioi bat euro inguruko balioarekin».

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuaren arabera, horixe da sistema kapitalistaren funtzionatzeko modua: «Etxebizitzak kentzen dizkie langile klaseko familiei, bankuei emateko».

Halaber, salatu dute auzi honetan botere judiziala «banketxeen interesetara» lerratu dela, eta ez duela aintzat hartu familia horretan adingabe bat dagoela, bikotekideen gurasoetako batek bihotzeko arazoak dituela eta ez dutela beste bizitokirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.