Osakidetzak 2019ko balantzeko datuak aurkeztu ditu Gasteizen, bai eta aurtengo erronketako batzuk zeintzuk izango diren azaldu ere. Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak jakinarazi duenez, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «apustu handia» egin zuten iaz lehen mailako osasun arreta hobetzeko; hain zuzen ere, 95 neurri jasotzen zituen estrategia bat aurkeztu zuten. Gehitu du aurten ere arlo horri eutsiko diotela, eta, besteak beste, hiru eurotik bat bideratuko dutela lehen mailako osasun arretara.
2019an emandako urratsetako batzuk izan ditu aipagai Diegok: «Lehen mailako osasun arreta hobetzeko 46 plaza gehiago sortu dira, eta horiei beste 83 gehituko zaizkie 2020an». Areago, lan eskaintza publikoko azterketa baten berri ere eman du, familia medikuei eta pediatrei zuzendutakoa. Adierazi duenez, 215 profesional —176 familia mediku eta 39 pediatra— hautatuko dituzte, eta espero da azterketa martxoan egitea. Izan ere, Osakidetzako zuzendariak nabarmendu du defizita dagoela profesionalen artean eta, beraz, «beharrezkoa» dela horri aurre egitea. «Neurrien baitan, ordea, gogoan hartu behar dira antolakuntzari dagozkionak ere; esate baterako, itxarote zerrenden bilakaera», gehitu du Diegok.
Itxarote zerrendak
Iazko balantzean aurkeztutako datuen arabera, oro har, Osakidetzako itxarote zerrendetan beherakada egon da. Hau da, pazienteetako bakoitzak egun gutxiago itxaron behar izan du ebakuntzak edo probak egiteko. Andoni Alcelay Osasun Laguntzarako zuzendariak azaldu du kirurgiako eta proba diagnostikoen itxarote zerrendetan beherakada egon dela: «Beherakada txiki bat egon da kirurgiaren arloan, 1,2 egun gutxiago 2018ko datuekin alderatuz gero; proba diagnostikoen kasuan, berriz, 1,1 puntu izan da beherakada».
Kanpo kontsultetako itxarote zerrendetan, ordea, datuek alderantzizko joera izan dute. «Batez besteko atzerapenean neurrizko igoera dago, 33,0 egunetik 34,6 egunera pasatu da itxarote zerrenda», ohartarazi du Alcelayk. Gainera, gehitu du zerrendetan ere iaz baino 5.518 paziente gutxiago daudela.