Hiru mendizale hil dira Panticosan, elur jausi batek harrapatuta

Irungo gizonezko bat dago hildakoen artean, eta Ordiziako emakume bat artatu dute, hipotermiagatik.

Erreskatearen irudi bat. JAVIER BLASCO / EFE
Erreskatearen irudi bat. JAVIER BLASCO / EFE
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 29a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezbehar larria gertatu da gaur eguerdian Pirinioetan. Hiru mendizale hil dira Panticosan (Huesca, Aragoi, Espainia), elur jausi batek harrapatuta, eta haietako bat euskal herritarra da. Eguerdian izan da ezbeharra, Tablato gailurraren mendebaldean, eta Aragoiko Gobernuko Barne zuzendari nagusiak, Miguel Angel Claverok, hedabideei adierazi die hildako hirurak Euskal Herrikoak zirela. Hala ere, gero jakin da hildakoetako bat dela euskal herritarra, eta besteak espainiarrak direla.

Jorge Garcia-Dihinx da hildakoetako bat. Mendizale eta pediatra espainiar ezaguna da; La meteo que viene blogaren egilea zen, eta mendian euskal herritarrekin asko ibilitakoa. 55 urterekin hil da. Harekin batera zendu da Natalia Roman, hedabide batzuen arabera Dihinxen bikotekidea zena, espainiarra hura ere. Hildakoetako bat da euskal herritarra, Gipuzkoakoa; Eneko Arrastua, 48 urteko irundarra. Hiru hildakoen gorpuak Zaragozako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituzte, autopsiak egiteko, halako ezbeharretan ohikoa denez.

Gainera, Ordiziako 29 urteko emakume bat zauritu da, hipotermiak jota —Huescako erietxe batera eraman dute, anbulantzian—, eta onik atera den beste mendizaleetako bat Gipuzkoakoa da, ordiziarra hura ere. Seigarren mendizale bat ere taldean zihoan; hura Zaragozakoa da (Espainia), eta onik atera da.

Ezbeharraren inguruko xehetasunak eman ditu Claverok: sei kideko talde bat jo du elur jausiak, baina haietako bat soilik geratu da elurraren azpian. Beste bostetatik, bi kolpeen ondorioz hil dira, bi onik atera dira, eta bat hipotermiagatik artatu behar izan dute. Hasieran, desagertutzat eman dute seigarrena, baina gero aurkitu dute, hilda, elurraren azpian. Hain zuzen, onik ateratako horietako batek pasatu die abisua larrialdi zerbitzuei.

Erreskate taldeen arabera, eskiatzaileak ez dira erabat elurpean gelditu, eta horrek erraztu du haiek topatu eta erreskatatzea.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sare sozialen bidez helarazi die dolumina Pirinioetan gertatutako istripuan hil direnen senitarteko, lagun eta gertuko guztiei.

2.200 metrotan

Panticosako bainuetxeen hego-ekialdean izan da istripua, 2.200 metroko altuera inguruan, Tablato mendi puntaren magalean. Mendiko eskia egiten ari ziren, eta ezustean harrapatu ditu elur jausiak. Guardia Zibilak 13:00etan jaso du abisua, eta Panticosako, Jakako eta Huescako mendiko erreskateko taldeak aktibatu ditu, baita Aire Unitatea eta mendiko mediku bat ere. Huescako suhiltzaileak ere aktibatu dituzte.

Claverok azaldu du ez zegoela elur asko, baina halako egun hotzetan ohikoa dela izotz plakak sortzea eta askatzea: «Halako bat hausten bada, besteen gainean irristatzen da, eta plakaren gainean daudenak arrastatzen ditu». Agintariek azaldu dute neguan goi mendian askotan osatzen direla halako plakak, nahiz eta ez dagoen elur asko garai honetan.

Aemet Espainiako meteorologia zerbitzuaren arabera, elur jausien arriskua bostetik biko mailan dago Aragoiko Pirinioetan orain. 2.100 metroko altueran, elurrak 60 eta 80 zentimetro arteko lodiera du, batez beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.