Frantziako Poliziak hiru euskal preso entregatu dizkio Espainiako Poliziari, Espainiako Auzitegi Nagusian hainbat auzirengatik epai ditzaten. Eneko Agirresarobe Olagoi donostiarra, Oskar Zelarain Ortiz Villabonakoa (Gipuzkoa) eta Kristina Goirizelaia Gonzalez Fruizkoa (Bizkaia) dira entregatu dituztenak.
Agirresarobe 2003an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta iragan urtarrilean sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten Parisen.
Espainiako epaileek ETAren Bizkaia komandoa-k 2003an eginiko hiru eraso leporatzen dizkio hari: Iberdrolaren argindar-etxe baten kontrako bonba atentatua, Getxoko (Bizkaia) hotel baten kontrakoa eta Santanderko (Espainia) aireportuan bonba-auto bat jarri izana. Lehenago, 2002 arte Bakartxo komandoa-rekin jardun izana egozten diote.
Zelarain eta Goirizelaia behin-behinean entregatu ditzute, auzi batzuengatik epaituak izateko; gero Frantziako espetxeetara itzuliko dituzte.
Zelarain 2002an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta 2006an zortzi urteko kartzelaldia ezarri zioten. Espainiako epaileek UPNko Leitzako (Nafarroa) zinegotzi Jose Javier Mugika Astibia 2001ean hil zuenetako bat izatea egozten diote.
Goirizelaia Bizkaia komando-aren laguntzailea izateaz akusatzen dute. 2003an atxilotu zuten Akizen (Okzitania, Frantzia), eta iragan otsailean 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Parisen. Enpresaburuei ETAri iraultza zerga ordainarazteko ekintzetan aritu izana leporatzen diote Goirizelaiari.
Politika
Hiru euskal preso Espainiaren esku utzi ditu Frantziak
Eneko Agirresarobe, Oskar Zelarain eta Kristina Goirizelaia Espainian epaituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu