Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu zituen atzo Garain (Bizkaia) Momoito auzoko baserri batean lapurreta egitea leporatuta. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, baserriaren nagusiek eman zioten abisua Ertzaintzari, hiru lagun lapurretan harrapatu ostean. Nagusiak ikustean, ihes egin zuten hiru gizonezkok, batek autok eta beste biek lasterka.
Baserrirantz abiatu zen Ertzaintzako patruilako kideek baserriko nagusiek emandako azalpenekin bat zetorren Volkswagen Golf bat ikusi zuten han hurbileko bidegurutze batean, eta geratzeko agindu zioten. Gizonezko bat zihoan barruan, eta atxilotu egin dute lapurreta saioarekin zerikusia izatea egotzita.
Beste bi gizonek baso aldera ihes egin zutela agertu zieten ertzainei baserritarrek, eta Herrizaingo Sailaren arabera, han hurbil aurkitu zituzten sastraka artean ezkutatuta. Haiek ere atxilotu egin zituzten delitu bera leporatuta. 21, 29 eta 32 urte dituzte atxilotuek.
Atxiloketa