Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeria matxista egotzita

Udaltzaingoak 21 urteko gizon bat eta 48 urteko beste bat atxilotu zituen atzo, bikotekideari tratu txarrak ematea leporatuta. Beste gizonezko bat ere atxilo eraman dute, sexu eraso bat leporatuta.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Gasteizen, artxibo irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Gasteizen, artxibo irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 30a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atzo bi gizon atxilotu zituzten indarkeria matxista egotzita. Horietako bat, 21 urteko gizonezkoa, Pilar auzoko lokal batean atxilotu zuen Poliziak, haren bikotekideak salatu ostean gizonak fisikoki eta sexualki eraso egin ziola. Biktimak ageriko lesioak zituenez, atxilo hartu zuten gizona, Udaltzaingoak azaldu duenez.

Bigarren atxiloketa ere Pilar auzoan gertatu zen, agenteek bikote baten arteko eztabaidagatik abisua jaso ostean. Polizia bertaratu zenean, emakumeak adierazi zuen bere bikotekideak, 48 urteko gizon batek, eraso egin ziola. Lekuko batek emakumearen kontakizuna berretsi zuen. Andreak Poliziari dei egin zionean, gizonak ihes egin zuen, baina geroago bere burua entregatu zuen Gasteizko Udaltzaingoaren komisarian. Bertan atxilotu zuten agenteek, indarkeria matxista egotzita.

Sexu erasoa

Gaur goizaldean, berriz, beste gizon bat atxilotu dute sexu eraso bat leporatuta. Udaltzainek adierazi dutenez, biktimaren pisukide batek Poliziari dei egin zion, 39 urteko gizon bat konorterik gabe zegoen emakume bat bortxatzen ari zelako. Hori ikusita, salatzaileak gainerako pisukideei dei egin zien, eta haiek ere izan ziren erasoaren lekuko. Agenteak iristean, gizonak ihesari ekin zion, baina hurbileko atari batean atxiki zuten poliziek azkenean. Udaltzaingoaren arabera, ikerketak zabalik jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.