Nafarroako Probintzia Auzitegiko 1. aretoak bortz urteko kartela zigorra eskatu du gizon batentzat, indarkeria matxista egotzita. Zehazki, 2022ko urrian Iruñeko ostatu bateko komunetan emakume bat bortxatzea leporatu dio. Sententziaren arabera, mozkor zegoen emakumea, eta gizonak egoera hori «probestu» zuen sexu erasoa egiteko. Kartzela zigorraz gain 30.000 euroko kalte ordaina pagatu beharra jarri dio, baina, «bi aldeek adostasuna lortuta», kartzela zigorra bertan beheiti utzi du. Halere, urruntze agindua izanen du bortz urtez.
Hori, baina, ez da asteburuan Iruñean jazo den gertakari bakarra: udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu, denei indarkeria matxista egotzita. Donibane auzoko etxebizitza batean atxilotu zuten bat, bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita; 54 urte ditu gizonezkoak. Sanduzelai auzoan, berriz, bertze gizon bat atxilotu zuten sexu erasoak egitea leporatuta, baina diligentziak egin eta gero aske utzi zuten. Horrez gain, 42 urteko gizon bat atxilotu zuten, urruntze agindua urratzea leporatuta.
Errioxan atxilo
Guardia Zibilak gizon bat hartu du atxilo Errioxan, sexu askatasunaren kontrako delitua eta hainbat neskatori mehatxu egitea egotzita. Euskal herritarra da gizona, 60 urte ditu, eta duela hogei bat egun lekualdatu zen Errioxara. Iragan ortziralean sexu erasoak egin zizkion emakume bati, eta igandean manifestazioa egin zuten herrian, handik alde egin dezala eskatzeko.

