Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu asteburuan Gasteizen, indarkeria matxista leporatuta. Ohar bidez jakinarazi dutenez, larunbatean 47 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohiari arma zuria erabilita eraso egitea leporatuta. 18:30 aldera jaso zuen udaltzaingoak deia, baina gertakariaren lekura iritsi zirenerako handik alde egina zen erasotzailea. Oharraren arabera, elkarrekin bizi ziren bikotekide ohiak, eta gizonak emakumeari etxean bertan egin zion eraso. Emakumea mutil lagunarekin hitz egiten ari zen telefonoz, eta hark deitu zion Poliziari, telefonoren bertze aldetik aditu baitzuen eztabaida. Bikotekide ohia etxera iritsi zenean, labana bat atera zion emakumeari, eta kalera joan zen ihesi. Kalean atxilotu zuten, eta, azaldu dutenez, dagoeneko ez zeukan armarik.
31 urteko bertze gizon bat hartu zuten atxilo larunbatean bertan, 23:15 aldera. Udaltzainak iritsi zirenerako bakarrik zegoen emakumea, eta hark kontatu zien eztabaidatu ondotik eraso egina ziola bikotekideak. Inguruko kaleetan topatu zuten gizona, eta berehala atxilotu zuten, indarkeria matxista leporatuta. Halaber, oharrean jakinarazi dutenez, emakumeak udaltzaingoari erran zion «ohikoa» zela bikotekidearen jarrera hori, eta ez zela, inondik ere, «jotzen zuen lehenengo aldia».
Larunbat goizaldeko 03:15 aldera bertze dei bat jaso zuten. Emakume bat zen deika, haren bikotekideak eraso egina ziola erranez. Udaltzaingoa gertakariaren lekura joan zen, eta kalean harrapatu zituen biak: eztabaida bat izan berritan, gizonak jo egin zuen emakumea. Emakumearen eraso markak ikusita, atxilotu egin zuten 31 urteko gizona.