Hiru gizon —horietako bi adingabeak— ikertzen ari dira Arabako Errioxan, neska adingabe bat modu jarraituan bortxatzea egotzita. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.
El Correo hedabideak zabaldu duenez, erasoak hainbat astez edo hilabetez luzatu ziren: biktimari mehatxu egin zioten esanez haren irudi intimo batzuk zabalduko zituztela, eta, hala, modu jarraituan egin dizkiote erasoak. Erasoak jasan zituenak hezitzaile bati kontatu zion dena, eta salaketa jarri zuten, El Correo-ren arabera. Orduan abiatu zuten ikerketa Adingabeen Fiskaltzak eta Gasteizko 2. instrukzio epaitegiak.
Iturri horren arabera, larunbat goizean akusatuetako bik deklaratu zuten —adingabeak direnek—, baina hirugarren gizona ezin izan zuten lokalizatu.
Bertzalde, El Correo-k zabaldu duenez, Gasteizko Udaltzaingoa 23 urteko mutil bat ikertzen ari da, 14 urteko neska bat bortxatzea leporatuta.
Horrez gain, bi gizon atxilotu ditu udaltzaingoak asteburuan Gasteizen, indarkeria matxista egotzita. Larunbat goizean 36 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari mehatxu egitea, eta derrigortze delitua leporatuta. Atzo goizean, berriz, 42 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita.
Sexu erasoa Beasainen
Sexu eraso bat izan zen atzo goizaldean Beasainen (Gipuzkoa). 20 urteko gazte batek emakume bati heldu zion, eta astindu egin zuen, baimenik gabe musu emateko asmoz. Ondoren, alde egin zuen. Jarraian, Beasaingo Udaltzaingoa eta Ertzaintza agertu ziren. Hainbat lekukotasun bildu ondoren, gizona atxilotu egin zuten, sexu erasoa egitea egotzita. Ondoren, Poliziak Oriako ertzain etxera eraman zuen biktima, salaketa jartzeko. Atxilotua ere bertara eraman zuten, epailearen esku utzi aurretik.
Goierriko Itaiak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Beasaingo plazan, eta irmoki salatu zuten emakumeak jasandako sexu erasoa. Erran zutenez, ez da kasu bakan bat, emakume langileen bizitzako «eguneroko ogia» baizik. «Are gehiago, festa giroan eta alkoholaren aitzakiapean, erasoak normalizatu egiten dira».
Nabarmendu zuten ideologia matxistak «etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa» betetzen duela, eta horrek berekin dakarrela bortizkeria matxista: «Egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeon zapalkuntza». Hortaz, ezinbertzekoa zaie indarkeria matxistaren kontra borroka egitea eta eraso orori modu aktiboan erantzutea.