Hiru gizonezko atxilo hartu dituzte genero indarkeria leporatuta

Irunen, Bermeon eta Bilbon salatu dituzte erasoak; bikotekideei eta familiako adingabeei erasotzea egotzi diete

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igaro egunotan hiru izen gehitu zaizkio genero indarkeria leporatuta atxilotutako gizonezkoen zerrendari. Bizkaian izan dira bi atxiloketa, Bilbon eta Bermeon, eta Gipuzkoan bestea, Irunen. Larunbat goizaldean jazo zen Irungo atxiloketa. 42 urteko gizon bat atxilotu zuten ertzainek emazteari eta adingabeko semeari jotzea egotzita. Emazteak ertzainei azaldu zienez, goizeko laurak aldera heldu zen gizona etxera, eta bortitz oldartu zitzaien hari eta semeari; jo eta iraindu egin zituen. Jazoera horren harira gaitzespen ohar bat plazaratu du Irungo Bilgune Feministak.

Igande goizean izan zen Bilboko atxiloketa, Otxarkoaga auzoan. Udaltzainei lekukotza gordina eman zien emakumezko batek; berak eta 6 urteko semeak gaua mehatxupean pasatu zutela esplikatu zuen. Aditzera eman zuenez, bikotekideak labana batekin mehatxu egin zien, eta soilik hari aurre egin ostean lortu zuen ihes egitea. Aurretik besotik gogor oratu zuela esplikatu zuen, iletik ere tira egin ziola, eta, gainera, eskuko telefonoa apurtu ziola. Jazotakoaren berri izan, eta berehala atxilotu zuten udaltzainek ustezko erasotzailea, 21 urteko gizonezkoa.

Bermeon igande goizaldean izan zen atxiloketa; bikotekideak lepotik heldu eta mehatxatu egin zuela salatu zuen andre batek. Atxilotua 42 urteko gizona da.

Epaiak

Gizonezko bati bost urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Gipuzkoako Auzitegian egindako epaiketa batean, bikotekide ohia hiltzen saiatzea leporatuta. 2009ko ekainaren 30ean izan zen jazoera, Irunen. Hautsitako botila batekin egin zion eraso emakumeari, eta zauritu egin zuen. Andrazkoak laguntza behar izan zuen erasoa saihesteko. Epaiak ebatzi du, gainera, bikote harremanean sarri tratu txarrak eman zizkiola gizonak andreari. Horregatik ere zigortu dute.

Bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, berriz, beste gizon bati, emaztea bortxatzea leporatuta. Arrasaten (Gipuzkoa) izan zen erasoa, 2009ko ekainean, bikotea banantzeko prozesuan zegoen sasoian. Ezustean oldartu zitzaion emazteari, leku bakarti batean, eta bortxatu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.