Hiru gizonezko atzeman zituzten bart, emakumeen aurkako indarkeriagatik. Lehenbiziko atxiloketa Donostian egin zuen Udaltzaingoak, 22:30 aldera. Gainerako atxiloketak Ertzaintzak egin zituen: Bergaran (Gipuzkoa) 23:20 aldera, eta Barakaldon (Bizkaia) 4:15 inguruan.
Donostian, amari eraso egin ziolakoan 47 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Zarauzko Etorbideko etxebizitza batetik dei egin zioten Udaltzaingoari, bizilagun batzuk eztabaida gogorrean ari zirela ohartaraziz. Udaltzainak bertaratutakoan, emakumeak erran zien semeak eraso egin ziola, eta maiz pairatu behar izan zituela halakoak.
Bergaran, 27 urteko gizonezkoa atzeman zuten bere etxebizitzan. Bizilagun batek deitu zion Ertzaintzari, garrasiak aditu eta gizonezkoa bikotekidea erasotzen ari zelako susmoa baitzuen. Ertzainak bertaratzean, bikotekideak lepoan eta bularrean markak zituela ikusi zuten, eta emakumeak berak tratu txarrak jaso zituela aitortu zien, Ertzaintzak dioenez.
Barakaldon, berriz, emakume batek dei egin zien ertzainei laguntza eske, senarrak eraso egin ziola salatuz, Ertzaintzaren arabera. Poliziak bertaratutakoan, emakumeak kolpeen markak zituela ikusi, eta 27 urteko senarra atxilotu zuten, iturri berberak dioenez. Biktima ospitalean artatu zuten.
Bergaran eta Barakaldon atxilotutakoak epailearen esku utzi ditu Ertzaintzak.
Emakumeen aurkako indarkeria
Hiru gizonezko atxilotu dituzte bart Donostian, Bergaran eta Barakaldon, emakumeei eraso egitea leporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu