Emaztea jo eta hiltzeko mehatxua egin diolakoan 25 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon bart goizaldean. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, gauerdi inguruan Ertzaintzara hotsegin du emakumeak, senarra etxeko atea kolpatzen ari zela eta etxe barruan bi haur txikirekin beldurrez zegoela esateko. Bezperan jo egin zuela agertu die ertzainei.
Nolanahi ere, ertzainak etxe horretara iritsi denerako ustezko erasotzailea alde eginda zegoen. Emakumearekin hitz egin dute, eta aurpegian eta lepoan kolpeak zituela ikusi dute. Andreak agertu duenez, senarrak bezperan egindakoak ziren. Ertzainek badaezpada inguruan geratzea erabaki dute, ustezko erasotzailea itzultzen bazen ere. Hain zuzen ere, bi orduren buruan emakumearen deia jaso dute berriro, senarra atarian zela esanez. Orduan atxilotu dute 25 urteko M.F.F., genero indarkeria delitua leporatuta.
Atzo, berriz, 21 urteko mutil gaztea atxilotu zuten Leioan (Bizkaia), bikotekideari eraso ziolakoan. Herrizaingo Sailaren arabera, mutilak kalean eraso zion lehenbizi neskari, eta, ondoren, haren etxera joan zen atzetik segika. Etxe horretara joan ziren ertzainak, eta hirugarren pisuko eskailera buruan aurkitu zuten ustezko erasotzailea. Ertzainetako batek ustezko erasotzailea atxiki zuen, eta bestea neskaren etxera sartu zen eta ezpainean zauri irekia eta matraila kolpatua zuela ikusi zuen. Ondorioz, 21 urteko MA.C.H. atxilotu eta neska Gurutzetako ospitalera eraman zuten.
Ertzaintzak atzo beste gizonezko bat ere atzeman zuen Bilbon, emakume bat ustez jo egin zuelako. D.H.R. 24 urtekoa da atxilotutakoa, eta sexu erasoak egitea ere leporatu diote.
Txurdinaga auzoan izan zen ustezko gertaera, arratsaldeko hirurak aldera. Ertzaintzak esan duenez, gizonezkoak lurrera bota zuen emakumezkoa, Grabiel Aresti kalean, eta fisikoki eta sexualki eraso egin zion. Biktimak aurre egin zion, eta gizonezkoak alde egin zuen, baina hango hainbat bizilagunek atxiki egin zuten, Ertzaintza iritsi zen arte.
Emakumea Basurtu Bilboko erietxera eraman zuten.
Emakumeen kontrako indarkeria
Hiru gizonezko atxilotu dituzte, emakumeak jo dituztelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu