Hiru lehergailu txiki topatu dituzte gaur goizean su-hiltzaileek Lapurdin: Baionan, Bokalen eta Miarritzen. Indargabetu egin dituzte eta Frantziako Poliziak eraman egin ditu, ikertzeko.
Polizia iturriek jakinarazi dutenez, su-hiltzaileek dei anonimo bat jaso dute, Baionan eta Miarritzen bi lehergailu zeudela esanez. Butano-botila txikiak ziren, iratzargailu banarekin. Baionakoa 10:30ean lehertzeko prestatuta zegoen, baina ez du eztanda egin, eta su-hiltzaileek 11:10ean indargabetu dute. PS alderdiaren egoitzatik gertu zegoen lehergailua, zakarrontzi batean. Badaezpada, eraikina hustu egin dute.
Miarritzen, berriz, Turismo bulegoaren ondoan kokatua zegoen ezkutatuta, hesi-lanak egiten dituen zuhaixka batean. Hark ere huts egin du eztanda egitean.
Bokaleko lehergailua ere PS alderdiaren egoitzatik gertu aurkitu dute. Ez dute jakinarazi zertaz osatutakoa zen.