Hiru ordurako ere ez

Jakes Esnal euskal presoari kirol ibilaldi batean parte hartzeko baimena eman zion epaileak, baina ministerio publikoa aurka azaldu da

Jakes Esnal eta beste euskal preso batzuen askatasunaren aldeko 2018ko martxa bat, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Erredakzioa
Baiona
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Euskal preso baten kontrako erabakia hartu du, berriz ere, terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak. Le Monde egunkariak jakinarazi duenez, Jakes Esnalek (69 urte) baimena eskatua zuen bizpahiru orduko kirol ibilaldi baterako kartzelatik ateratzeko. Esnal eta beste preso batzuk presondegiko zaindarien zaintzapean aterako ziren. Zigorrak Ezartzeko epailea ados zen, haien gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzua ere bai, baina prokuradorea ez, eta Esnal ezin izan da atera aldi baterako kalera.

Ministerio publikoak ez ditu Le Monde-ren galderak erantzun nahi izan; haatik, Esnalen eskaera onartzeko argudioak azaldu dizkiete presoen gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzukoek. «Oso aldeko» iritzia agertu dute, «ez dagoelako inolako dudarik haren jarrera eta kirol baimenaren koadroaren errespetuari». Espetxeko zuzendariak ere «oso aldeko iritzia» eman du, Esnalen jarrera «eredugarritzat» jota. «Haren presondegiratzea inolako arazorik gabe gertatu da orain arte; ateraldi baterako baimenak zentzu osoa du». Saint Martin de Ren dago euskal herritarra.

2014tik gaur arte behin baino gehiagotan egin du euskal presoak baldintzapean aske gelditzeko eskaera; aldi oro ukatu diote. 2017an, Frederic Haranburu, Jon Kepa Parot eta hiruren zigorrak kommutatzeko eskaera egin zuen Ipar Euskal Herriko pertsona ezagunen talde batek, baina ez zuen emaitza baikorrik izan. Zigor egokitzapen eskaera egin du berriki, eta hori martxoaren 13an aztertuko dute.

Zulueta eta Enparantza libre

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal presoak gaur goizean geratuko dira aske, 11/13 auzian espetxe zigorra osorik beteta. Aurrenekoa Picassenteko espetxean dago (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta bigarrengoa, Estremerakoan (Madril). Datorren martxoaren 1erako zuten ezarria irteteko eguna, baina Espainiako Espetxeetako Erakundeak hogeina egun murriztu dizkie.

Joan den urteko irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko epaiketa, 47 lagunen aurkakoa, Espainiakoa Auzitegi Nazionalean, eta, aldeen arteko akordio bat zela bide, epaileek Zuluetari eta Enparantzari soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxea: hiru urte eta erdikoa eta bi urte eta zazpi hilabetekoa, hurrenez hurren. Lehendik egonak ziren preso. Hasieran Zaballako (Araba) kartzelan sartu ziren, baina gero urrundu egin zituen Madrilek.

Ruben Garate gogoan

Hogei urte bete dira Ruben Garate hil zenetik euskal preso bati egindako bisita bateko auto istripuan, eta Etxerat elkarteak elkarretaratze batera deitu du biharko, Otxandion (Bizkaia), 19:00etan. Larunbatean ere egingo dute ekitaldirik. «Dispertsio politikaren eraginez» hildako hamasei lagunen memoria eta aitortza aldarrikatuko ditu Etxerat-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.