Hiru furgonetatako gidariak atxilotu zituen atzo goizaldean Ertzaintzak Hernanin (Gipuzkoa), AP-8 autobideko zerbitzugune batean. Pertsonen legez kanpoko trafikoa egozten diete: 24 pertsona zihoazen furgonetetan eta ez zuten dokumentaziorik. Bidaiaren arrazoiari buruzko bertsio kontrajarriak eman zituzten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.
Furgonetetako gidariek ez zeukaten gidabaimenik, eta haien kontrako eginbideak hasi dituzte, bide segurtasunaren kontrako delituagatik. Gidarietako bati dokumentuak faltsutzea ere egotzi diote, beste pertsona baten dokumentazio faltsutua aurkeztu baitzien ertzainei. Atxilotuek 21 eta 39 urte artean dituzte. Gaur goizean utzi dituzte epailearen esku.