Asteburuak oroitzapen mingarria utzi du Lapurdiko hondartzetan, hiru pertsona hil baitira Donibane Lohizunen eta Hendaian. Lehena Donibane Lohizuneko Hondartza Handian hil zen. Hondartzan zeudenek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, emakume bat larri zegoela jakinarazteko. Hondartzan ez zegoen sorospen zerbitzurik, goizeko lehen ordua izanik ez zirelako oraindik lanean hasiak; 11:00etan ekiten diote jardunari. Heldu zirelarik, sorospen zerbitzuek ez zuten deus egiterik. 77 urteko emaztea zen, Tarnosen (Frantzia) sortua. Gerora jakinarazi dutenaren arabera, emazteak bihotzekoa pairatu zuen igerian ari zelarik. Zenbait igerilarik, hartu, eta lehorrera ekarri zuten. Nahiz eta bihotz masajea egin, ez zuten lortu bere onera ekartzea.
Bigarren ezbeharra Hendaian gertatu zen, 16:00etan. Goizean bezala, igerian ari ziren pertsonek atera zuten gorpua itsasotik. 82 urteko gizonezko udatiar bat zen, Lescarren sortua, Frantzian. Hendaiako Hondartza Handiaren puntan dagoen Bixkien Hondartza aldean ito zen. Istripua gertatu zen tokira heldu zirenerako, sorosleek ezin izan zuten deus egin gizona bereonera ekartzeko. Oraindik ez dute argitu zer gertatu zitzaion. Autopsia egin beharko diote gorpuari, jakiteko ia uretan ito zen edo, hori baino lehen, trenputxartzerik edo bihotzekorik izan zuen hildako gizonak.
Erorikoa
Azkenik, 60 urte inguruko gizon baten gorpua hilik atzeman zuten Hendaiako Abadiako eremutik hurbil, erlaitzetako hondartzan berean. Sorospen zerbitzuetan 10:00etan jaso zuten larrialdi deia. Sorosleen arabera, gizona erlaitzetatik behera erori zen, eta kolpearen ondorioz hil zen.
Hiru pertsona zendu dira Lapurdiko hondartzetan iragan asteburuan
Hendaian eta Donibane Lohizunen gertatu dira ezbeharrak; bi pertsona ito egin dira, eta beste batek erorikoa izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu