Bizkaiko Auzitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio futbol entrenatzaile bati, 14 eta 15 urteko lau adin txikikori sexu erasoak egiteagatik, El Correo egunkariak jakinarazi duenez. Atxilotua, 45 urteko gizonezkoa, Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak futbol taldeko emakumezko taldeen entrenatzailea izan da azken hogei urteetan.
Zehazki, zera egozten diote: adin txikikoei —neskak denak— ukituak eta exhibizionismoa egitea. Erasoak, auzitegiaren arabera, 2023ko irailetik 2024ko apirilera izan ziren. Sententziaren esanetan, 15 urteko hiru neskari eta 14 urteko bati ukituak egin zizkien, eta, behin, gizonak galtzak erantzi zituen nesketako baten aurrean; muxu bat ere eman zion beste bati. Epaitegiaren arabera, argi frogatuta geratu da «eduki sexualeko» jokaerak direla.
Espetxe zigorraz gain, gizonak ezingo du adin txikikoekin lan egin, eta urruntze agindua ere jarri diote. Epaia oraindik ez da behin betikoa: gizonak helegitea jar dezake EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.