Emakumeen aurkako indarkeria

Hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote gizonezko bati, bere langile batez abusatzeagatik

Gizona Irungo taberna bateko jabea da, eta lanerako hartu zuen emakume etorkinari sexu gehiegikeriak egiteagatik kondenatu dute.

2008ko uztailaren 12a
18:30
Entzun
Donostiako epaitegi batek hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Irungo (Gipuzkoa) gizonezko bati, sexu gehiegikeriengatik. Epaileak frogatutzat jo du gizonezkoak -taberna bateko nagusia- bere langile batez abusatu zuela. Langile hori emakumea da, Marokotik Euskal Herrira etorria, eta gizonezkoak lana eman zion.

Ebazpenak dioenez, sexu gehiegikeriak 2006ko apirilaren 30etik urria bitartean gertatu ziren. "Auzipetuak langilearekin tabernako sukaldean bakarka egoten zen une oro aprobetxatzen zuen hura ukitzeko. Emakumeari atzetik oratu, eta ipur-masailak eta lepoa ukitzen zizkion, eta hari musu ematen saiatzen zen. Bere sexu desirak asetzeko asmoarekin jokatzen zuen, eta emakumearen duintasun pertsonal eta moralaren kaltetan; emakumeak auzipetuaren jarrera ez zuela onartzen argi adierazten zuen".

Ebazpenari jarraiki, une horietan emakumea gizonarengandik aldentzen saiatzen zen, eta "bakean" utz zezala esaten zion, baina gizonezkoak bere jarrerarekin segitzen zuen, baita emakumea etxeraino autoz eramaten zuenean ere. Emakumearen borondatearen kontra ukitzen jarraitzen zuen, eta bere pisu batera sexu harremanak izateko gonbiteak egiten zizkion aldiro-aldiro, dirua eskaintzen ziolarik.

Egoera horren ondorioz, gehiegikerien biktima "izu jasanezinezko eta beldurrezko egoera psikologikoan" sartu zen, eta gorabehera psikologikoak eta antsietatea eta depresioa pairatzera iritsi zen.

Horiek hala, gizonari hiru urteko kartzelaldia ezartzeaz gain, hura lau urtez biktimarekin komunikatzeko eta harengana hurbiltzeko debekua ezarri dio epaitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.