Koronabirusa

Hirugarrena, duda artean

Irekia da txertoaren hirugarren dosia emateko bidea. Osakidetza hasia da orduak ematen; aurki ekinen dio Osasunbideak; Iparraldean, heldu den astean. Immunoeskasia dutenentzat da.

Pfizerren txertoaren dosi bat, erizain baten eskuetan. MARC O'SULLIVAN / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Sarritan esana da garaipena hirugarrenean datorrela, eta, oro har, inork gutxik egiten dio kontra esamoldeari. Ordea, txertoen testuinguruan, bada alderik. Hilabeteak dira SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzeko balizko premia osasun agintarien eztabaidagai dela. Nazioartean, herrialde batzuek jadanik egin dute hura jartzearen aldeko urrats irmoa, eta hasiak dira ziztak jartzen. Israel izan zen goiztiarrenetakoa pausoa ematen: uztailaren hondarrean ekin zion Pfizer-BioNTech etxearen txertoaren hirugarren dosia jartzeari, 60 urtetik gorakoekin. Euskal Herrian, berriki ailegatu dira erabakiak: Hegoaldean, immunoeskasia dutenek eta kimioterapian direnek atzotik har dezakete hirugarren ziztada. Osakidetza hasia da herritarrei deitzen, 4.500i eman nahi die hitzordua, eta Nafarroako Gobernuak esan du «ja» hasiko direla zeregin horretan. Iparraldean, zahar etxeetako egoiliarrak hirugarrenez txertatzen hasiko dira astelehenean. Edonola ere, urratsak urrats, dudek kutsatua iritsi da hirugarren dosia.

Gaitzarengandik babesteko immunitate sendoa lortzeko hirugarren dosirik behar ote den, horra ika-mika piztu duen galderetako bat. EMA Sendagaien Europako Agentziak hainbat alditan ondorioztatu du biztanleria orokorrarentzat ez dela beharko horrelakorik, nahiz eta «gero eta argiago» ikusten duten bide hori irekitzea mesede dela immunoeskasia dutenentzat. Iritzi bertsukoa da Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea: «Ikuspegi zientifikotik, ez dago guztiok hirugarren dosia behar dugula baieztatzeko ebidentzia nahikorik». Halere, EMAren ustea bere eginez, Galarragak esan du immunoeskasia dutenak «salbuespen» izan daitezkeela, kasu horietan ja ikusi baita beti ez dela aski bi dosirekin. «Ikerketak egin dituzte, adibidez, transplanteak egin dizkieten pazienteekin, eta erantzun immunitarioa aski apaltzen da».

Bestalde, Galarragak garrantzitsutzat jo du aintzat hartzea zer neurgailu erabiltzen diren txertoek ematen duten babesa aztertzeko. «Probarik ohikoena antigorputzak neurtzen dituena da, eta, noski, horietan beti ikusten da antigorputzak jaitsi egiten direla denborarekin», esan du. Hain zuzen, Northwester Unibertsitateak egindako ikerketa batean zenbait ikerlarik ondorioztatu zuten Pfizerren eta Modernaren txertoek %20ko eraginkortasuna galtzen zutela zizta jaso eta bi hilabetera. Horregatik, Galarragak aipatu du harago ere begiratu behar dela, antigorputzak ez baitira immunitate sistemaren erantzun bakarrak; memoria zelulek duten gaitasun patogenoa ere kontuan hartu beharrekoa da, haren esanetan. Hala, ikerketan sakondu behar dela Galarragak, hirugarren dosia herritar guztiei zabaldu aurretik.Zalantza ugari dira gaiaren inguruan. Galarragaren antzera, Javier Padilla lehen arretako medikuaren iritziz ere oraindik aski ebidentzia falta dira baieztatu ahal izateko herritar guztiei hirugarren txertoa jarri behar zaien: «Ulertzen dutkalteberagoak diren horiei zizta ematea, baina gainerakoekin hasteko datu mardulagoak behar ditugu». Haren ustez, bide hori hasi nahiko balitz, beste aldagai batek izan beharko luke erabakiaren sostengu nagusia: demostratzea hirugarren ziztak nabarmen apaltzen dituela ospitaleratzeak.

Lehentasunak agerian

Ebidentzia zientifiko faltarekin loturiko argudioagatik ez ezik, beste arrazoi batzuengatik ere mesfidati dira hainbat aditu: mundu mailako dosien banaketan eraginen duen desoreka dute hizpide askok. Are gehiago, OME Osasunaren Munduko Erakundeak behin baino gehiagotan egin du eskea: herrialde behartsuetan txertaketa hedatu arte, hirugarren dosia jartzen hasteko kanpainak atzeratzeko eskatu du. Berriki, NBE Nazio Batuen Erakundeak ere eskakizun horibera egin du: herrialde aberastuei galdegin die urte bukaerara arte atzera dezatela hirugarrenaren ziztatze prozesua. Eskaerek, baina, ez dute onespenik izan.

Dosien banaketa «erabat bidegabea» dela salatu du Galarragak. Berdintasun eza berriz agerian gelditu dela azaldu du Padillak. Gainera, lehen arretako medikuak kritikatu du herrialde aberastuek ez dutela ia deus egin erraz iragar zitezkeen arazoak saiheste aldera. «Dosiak munduan banatzeko oztopo nagusietako bat ekoizpenerako gaitasun falta zela gauza jakina zen, eta ez da deus egin problema konpontzeko». Halaber, gogora ekarri du zaharrak berri direla txertoaren auzian: «Hasieratik, patenteek oztopatu diete txertoak eskuratzeko aukera herrialde txiroei. Orain, hirugarren dosiaren auzia izanen da arrakalak handituko dituena, eta badakigu nor aterako den galtzaile».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.