Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Hirugarrena, hirugarrenez

Orain Gasteizen Gorka Urtaran bezala, udal bozetan hirugarren indarra izanda Julian Balduz jarri zen alkate 1979an Iruñean, eta Odon Elorza 1991n Donostian.

Xabier Albistur (EA) eta Odon Elorza (PSE), 1991ko ekainaren 15ean, Donostiako udaletxean. Orduan hautatu zuten Elorza alkate aurreneko aldiz. CARLOS VILLAGRAN.
enekoitz esnaola
2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ramon Etxezarreta 1991ko ekainean artean ez zen Donostiako zinegotzi, udal hauteskundeetan PSE hirugarren indarra izan arren Odon Elorza sozialista alkate jarri zutenean, eta, beraz, ez zuen hura bertatik bertara jarraitu, baina dio «bozen ondoren balio duena gehiengoak osatzeko gaitasuna» dela, «ez gehiengo osorikgabeko lehen indarra izatea, horrek bestela eztabaida politikoari izkin esatea nahiko lukeelako, eta 1991n Donostian Odonek lortu zuen gehiengo osoa inbestiduran, ez beste inork». PPk eta EAJk Elorzaren alde bozkatu zuten. Alkate.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuei dagokienez, 1979tik halako bigarren kasua izan zen. Aurrena, 1979koa, Julian Balduzek (PSOE) Iruñeko alkatetza eskuratu zuenekoa. PSOE hirugarren geratu zen udal bozetan, 13.400 boto eta bost hautetsirekin. HB izan zen bigarren, Patxi Zabaleta zela alkategai: 17.900 boto eta zazpi hautetsirekin. UCDk jaso zuen babesik handiena, alkategai Alfonso Bañon zela: 18.700 boto eta zortzi hautetsi. HBk ez zuen nahi UCDkoa alkatetzan, Zabaletak dioenez. «Horregatik, PSOErekin negoziaziobatzuk izan genituen. Haiek esaten ziguten Victor Manuel Arbeloaren alde egiteko Nafarroako Parlamentuko Mahaiko buru izateko, eta Altsasuko alkategai Emilio Boulandier ere sostengatzeko. Ez genuen nahi, eta negoziazioa hautsi egin zen. Gero jakin zen PSOEk Balduz aurkeztuko zuela Iruñeko alkatetzarako, eta, nahiz bigarren indarra ginen, orduan egin behar genuena egin genuen: Balduz bozkatu, UCDk agintea har ez zezan». Zabaletak dio Arbeloak eta Boulandierrek «eskuin muturrerako» joera hartu zutela gerora.

Iruñeko inbestiduraren egunean bertan hartu zuen HBk Balduz babesteko erabakia. Aurrez, Zabaleta alkate ikusten zen, uste zuen aterako zela. «Bezperan Alfonso Guerrak [PSOEko buru nagusietakoak] Ser irratian esan zuen neu izango nintzela Iruñeko alkate. Ez zen hala gertatu, geure erabakiz». EAJko bi zinegotzien sostengua ere jaso, eta hamalau boto bildu zituen PSOEko kideak.

HBko orduko alkategaiaren esanetan, «asmatu» egin zuten, Balduzen agintaldian eragin zutelakoan: «Adibidez, Iruñean dauden hiru ikastola publikoak haren lehen agintaldikoak dira, haur eskola euskaldunak ireki ziren, eta ikurrina 1982ra arte egon zen udaletxeko balkoian. Tomas Caballero alkate zela jarri zen ikurrina, 1977an [ETAk hil egin zuen Caballero, 1998an]». UPNrekin ere jardun zuen lanean Balduzek.

Frankismoaren osteko lehen urte haiek indarkeriagatik-eta «gogorrak» izan zirela adierazi du Zabaletak; Iruñeko HBren udal taldeak ere sufritu zuela: «Zazpi hautetsi ginen: bik ihes egin zuten Iparraldera, beste bik eskuin muturreko borroka armatu antolatuaren atentatuak jaso zituzten, eta besteok, mehatxuak eta». Orain, ETAk jarduera armatua utzia duela-eta «euskal bakea» dagoelako «baldintzak zeharo desberdinak» direla uste du.

1983an berriro Balduz aukeratu zuten alkate. Orduan, PSN lehen indarra izanda. 1979an baino 15.500 boto gehiago jaso eta sei hautetsi gehiago lortu zituen. Agintaldia amaitzean utzi zuen alkatetza, eta beste kargu batzuetan aritu zen. 1987an Juan Jose Diaz izan zen PSNren alkategaia. UPN nagusitu zen Iruñean eta Javier Chourraut jarri zen karguan.

Elorza, hogei urtean

Odon Elorza zortzi urtean ez, hogei urtean egon zen Donostiako alkatetzan, 2011n Juan Karlos Izagirrek (Bildu) ordezkatu zuen arte. 1991n PSEk 13.500 boto eta bost hautetsi erdietsi zituen han, Elorza zela alkategai. Haren aurretik geratu ziren EA (17.800 boto, eta sei hautetsi; Xabier Albistur 1987-1991 arteko alkatea zen zerrendaburu) eta HB (13.700 boto, eta bost hautetsi). EAJren zatiketak artean bazuen eraginik euskal politikagintzan, eta jeltzaleek Elorzaren alde bozkatu zuten inbestidura saioan. PPk ere bai. Bosgarren eta laugarren indarra ziren EAJ eta PP. Hamalau botorekin, PSEkoa alkate. «Gehiengo osoa zuten, beraz», dio Etxezarretak, «eta koaliziogobernua osatu zuten, gainera. Gehiengoak hauskorra zela zirudien, baina han jardun zuten».

1994 bukaeran PPk Elorza eta Udaltzaingoa salatu zituen, konfidenteei ordainketak egin zizkietelakoan. Epaileak atzera bota zuen kereila. 1995eko urtarrilean ETAk Donostiako alkateordea hil zuen: Gregorio Ordoñez PPkoa. Alderdi Popularrak Jaime Mayor Oreja jarri zuen alkategai, eta hark irabazi zituen 1995eko udal bozak: 22.600 boto, zazpi hautetsi. PSE geratu zen ondoren: 21.600 boto, zazpi hautetsi. EAJk eta EAk Elorzaren alde bozkatu, eta PSEkoa berriro alkate. Bi haiekin gobernatu zuen orduan. Aldiz, Elorza izan zen irabazle bozetan 1999an (27 hautetsietatik, bederatzi), 2003an (hamar) eta 2007an (11). «EAJk 1991n ez zuen berehalakoan pentsatuko hogei urtean egongo zenik alkate», uste du Etxezarreta Donostiako PSEko zinegotzi ohiak (1995-2007). 2011n bigarren geratu zen.

«Alderdiaren dogmatik ihes egiten zuen Odonek, eta Donostia aintzat hartuta egiten zuen politika. Asko egoten zen jendearekin. Bestetik, gau eta egun Donostia zeukan buruan», dio Etxezarretak. «Gainera, bazekien botoen bila joaten. Hark esaten zigun boto-emailerik zaharrenak EAJ eta PSErenak zirela, eta gazteenganako politikak ere egin behar zirela. Gainera, euskararen gaia gazteengana zuzentzeko erabili zuen. Euskara ez zekien jendearen aldeko diskurtsoarekin zebilen alderdia eta Elorza, aldiz, euskaldun zetozen gazteentzat lanean».

Azpiegituren arloan, «jendearen beharretara» aritzea izan zen haren beste lan on bat, Etxezarretaren arabera. «Kursaala ireki zen, Viktoria Eugenia antzokia berritu edo Zurriolako hondartza berria zabaldu, baina ez ziren lan faraonikoak. Odonekin, batez ere, diru asko inbertitu zen zerbitzu etaazpiegitura txikietan: kulturan,gizarte arloan...». Politikan «fronteen aurka» egin izana ere azpimarratu du PSEko zinegotzi ohiak. «Akordioaren zalea zen».

Orain gertatu da hirugarren kasua: Gasteizen Gorka Urtaran (EAJ) da alkate, bozetan hirugarren izanda. EH Bilduk, Hemen Gaude-k eta Irabazik egin dute haren alde. Iruñeko eta Donostiako aipatutako kasuen aldean EAJ urruti geratu zen irabazlearengandik (PP): ia 16.000 botora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.