Harrituta dago Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Carlos Urkijok igorri dizkion azken eskaerekin. 197/2006 doktrinaren ezarpena bertan behera utzita askatu dituzten presoei harrerak egin zaizkiela salatu zuen Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak aurreko astean, eta lau salaketa aurkeztu zituen Auzitegi Nazionalean. Auzitegiko Fiskaltzak ohartarazi duenez, hiru lerrokoa da salaketa bakoitza, eta ez dute inolako zehaztapenik jasotzen.
ETA goratu zela esanda aurkeztu zituen salaketak Urkijok: Zornotzan Juan Jose Legorbururi egin zitzaion harrerari buruzkoa, Jabi Martinezi Galdakaon egindakoari dagokiona, Juan Ignacio Delgadori Legazpin egindakoaren ingurukoa eta Inma Patxori Bilbon egin zitzaionari buruzkoa. Baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren arabera, apenas eman da informaziorik txosten horietan: ez du jasotzen harrera horien kontakizunik, ezta nork parte hartu zuen, zer oihukatu zuten, pankartarik erakutsi ote zen, edo nola goratu zen ETA ere. Jasotzen diren zehaztasun bakarrak dira ikurrinak airean ibili zituztela, suziriak bota zituztela eta horietako batean 25 pertsona egon zirela. Gauzak horrela, informazio zabalagoa eman dezala eskatu dio.
Urkijo, minduta
Espainiako Gobernuaren ordezkaria mindu egin dute fiskaltzaren hitzek. Jasotako informazio urria biltzeko poliziek eta guardia zibilek bere bizia arriskuan jarri dutela ohartarazi du. Urkijoren esanetan, «Ertzaintza bidali ez duen Segurtasunerako Sailaren mugimendu eza ordezkatzeko», poliziek eta guardia zibilek bere kabuz egin dute lan hori. Eta, sei harrerei buruzko txostenak igorri dituela zehaztu du; ez lauri buruzkoak. «Bidalitako informazioa ez da oso handia, baina kontutan hartu behar da hara joan diren funtzionarioek zein baldintzatan egin duten lana. Guk nahikoa egin dugu gure eskumena izan gabe informazio hori eskuratzen».
Bien bitartean, harrerak egitea delitu den edo ez eztabaidatzen jarraitzen dute politikariek. Estefania Beltran de Heredia Segurtasunerako sailburuaren ustez, bereizi egin behar dira harrerak «omenaldietatik edo terrorismoa goratzeko ekitaldietatik». Areago, sailburuaren ustez, «hiru kontzeptuak berdindu nahi dituenak nahasteko asmoa ere badu, eta horrek gutxi laguntzen dio esperantzazko bide honi». Bakegintzari dagokionean «suari egur gehiago ez botatzeko» eskatu du.
Rodolfo Ares PSEren Antolakuntzarako idazkariaren iritziz, berriz, harrerak publikoki egiteak horiek delitu bihurtzen ditu: «Harrera publikoa bada argi dago terrorista izan diren pertsonei omenaldia egin nahi zaiela».
Bestetik, Auzitegi Nazionala Sortu legez kanpo uzteko txostenak egiten ari dela dioten informazioekin lotuta, alderdia legez kanporatzeko eskatuz salaketak aurkezteko «nahikoa oinarririk» ez dagoela adierazi du Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak.
Hiruna lerroko idazkiak, presoen harrerak salatzeko
Urkijok Auzitegi Nazionalari igorritako idatzietan ez dela informaziorik ematen salatu du fiskaltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu