HISPANITATEAREN EGUNA. Herri indigenekin elkartasun eguna izatea proposatu du Aralarrek

Erredakzioa
IRUÑEA
2005eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Urriaren 12a «inbasioa, jazarpena eta suntsipena» jasan duten eta jasaten duten herrien aldeko borroka eguna izatea eskatu du Aralarrek. Hispanitatearen Eguna ospatu beharrean, inbaditutako herrien erresistentzia eguna gogoratu beharko litzatekeela uste du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak.

Zabaletaren irudiko, Hispanitatearen Egunaren ospakizuna «onartezina da», lotuta datorrelako «inperioen inposaketarekin eta herri indigenen zapalkuntzarekin». Latinoamerikan, Gaztelak lehenik eta ondoren Portugalek, Frantziak eta Inglaterrak bideratu zuten «zapalkuntzak eta inbasioak» urte hauetan guztietan jarraitu egin duela uste du Aralarrek. Zabaletaren esanetan, herri indigenen izaera kulturala, politikoa eta soziala sistematikoki suntsitu zituzten bere garaian, eta urte hauetan ere «zanpatu, hustu eta desagerrarazi» egin dituzte, bazterketa eremuetara mugatuz. Atzoko egunean, inbasioa eta militarismoa ospatu beharrean, Gaztelak lehenik eta Espainiako Inperioak ondoren bideratutako presioa eta suntsipena salatu beharko liratekeela uste du Aralarrek. Egun gertatzen ari diren migrazio mugimenduak inbasioek utzitako pobreziaren eta oinarrizko giza eskubideen suntsipenen ondorio direla ere salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.