Hitz ikerketa zentroak euskarazko ahots teknologia garatzeko tresna berriak argitaratu ditu

Hizketa automatikoki ezagutzeko bi eredu sortu dituzte, eta ahots sintesirako bi ahots berri.

Hitz zentroaren, hau da, EHUren hizkuntza arloko teknologien ikerkuntza zentroaren aurkezpena. GORKA RUBIO / FOKU
Hitz zentroaren, hau da, EHUren hizkuntza arloko teknologien ikerkuntza zentroaren aurkezpena. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 31
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko ahots teknologia garatzeko tresna berriak plazaratu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz zentroak. Zehazki, hizkuntza arloko teknologien ikerkuntza zentro horrek hizketa automatikoki ezagutzeko bi eredu (ASR)  eta ahotsaren sintesirako bi ahots (TTS) egin ditu. Teknologia horiek ahotsa ezagutzeko eta sintetizatzeko balio dute, eta lizentzia irekien bidez argitaratu dituzte; horrela, ikerkuntza proiektuetan eta merkataritzarako aplikazioetan erabili, egokitu eta integratu ahal izango dira. Ikerketa zentroarentzat, eredu ireki horiek modua emango dute euskara «teknologiarekiko interakzio modu berrietan erabat integratzeko»: «Euskara testuinguru gehiagotan erabiltzea ahalbidetzen duten aplikazio digitalak garatzen laguntzen du».

Hizketa automatikoki ezagutzeko bi eredu egin dituzte: bat euskarazkoa, eta bestea, berriz, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Teknologia horren bidez, errazago garatu daitezke transkripzio automatikoko sistemak, zuzenean azpitituluak jartzeko prozesuak, morroi birtualak eta elkarrizketarako interfazeak.

Ahots berriei dagokienez, emakumezko batena da bat, eta gizonezko batena bestea, eta libre eta doan erabil daitezke. Teknologia hori gai da euskarazko hizkera naturala sortzeko testu batetik abiatuta, eta hainbat egoeratan erabil daiteke: irakurgailu automatikoetan, nabigazio sistemetan, irisgarritasunari lotutako tresnetan eta multimedia edukietan.

Zentroko Aholab ikerkuntza taldeak garatu eta entrenatu ditu bi ereduak. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak eta Europako Batasuneko Next Generation EU funtsak finantzatu dute proiektua. EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteari ere eskerrak eman dizkiote, haien prestazio handiko konputazio azpiegituraren laguntza izan dutelako.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA